Gizartea -

TRANS LEGEA

Prestakuntza, unitate espezializatuak eta hezkuntza-curriculumak, Trans Legearen erreformaren zenbait gako

Naizen elkartea izan da erreformaren sustatzaile nagusienetakoa. Testu berria onartu berritan, Bea Sever elkarte horretako eledunak azpimarra berezia jarri du arauak "hezkuntzara zein osasungintzara" ekarriko dituen "aurrerapausoetan".

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hormona-tratamendua jaso zain zegoen Ekai Lersundi gazte ondarroarraren heriotza mugarria izan zen. Gaur sei urte egin zuen bere buruaz beste, eta pertsona transen eskubideen alorrean zegoen hutsunea ikusarazteko balio izan zuen. Dudarik gabe, kasu hark izan du eragina 'Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko legea'-ren erreforman eta onarpenean. Trans pertsonen eskubideak zabaltzera eta bermatzera datorren testu berriak Eusko Legebiltzarraren gehiengo zabalaren babesa —EAJ, EH Bildu,  PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU— jaso du.

Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea izan da erreforma sustatzen lan gehien egin duen taldeetako bat. Gaur, Bea Sever elkarte horretako eledunak zenbait "aurrerapauso" nabarmendu ditu, "osasungintzan eta hezkuntzan ezarriko direnak", bereziki. Esan duenez, administrazioak "modu integralean" erantzun beharko die trans errealitate guztiei.  Horrek esan nahi du erakunde publikoek eskaintzen dituzten zerbitzu guztiek bermatu behar dituztela trans pertsonen eskubideak.

Lau dira Severrek nabarmendu dituen erreformaren berrikuntzak:

·        Administrazio publikoetako langileen prestakuntza (5. artikulua)

Erreformaren arabera, administrazio publikoak sexu- eta genero-identitateari buruzko "sentsibilizazio eta jardun egokiak" bermatuko dituen "prestakuntza emango die legeak aipatzen dituen eremu guztietan" zerbitzuak ematen dituzten langileei.

Besteak beste, "osasun-langileei transexualitateari buruzko prestakuntza egokia, jarraitua eta eguneratua" eskainiko zaie, modu horretan pertsona transek arreta egokia jasotzeko duten eskubidea bermatuz. Halaber, hezkuntzako langileei "trans errealitateari buruzko prestakuntza" ziurtatuko zaie, eta "erreminta egokiak" eskura jarri.

 ·       Transexualitatearen Arretarako Unitate Espezializatua (16. artikulua)

Egun, Genero Identitateko Unitate bakarra dago Osakidetzako sarean, Gurutzetako Ospitalean, eta han artatzen dira generoarekin lotutako kasuak. Gaur onartutako testuak dio Transexualitatearen Arretarako Unitate Espezializatua sortuko dela: "erreferentziazko eta esku-hartzeko unitatea izango da espezializazio edo konplexutasun nabarmenagatik transexualitateari lehen mailako arreta emateko zerbitzuek eman ezin dituzten zerbitzu edo tratamendu aurreratuetan".  Era berean, unitate berriaren funtzioak osasun-gidan sartuko dira: "zerbitzuak, tratamenduak edota mediku jarduerak".

·         Eskola-eremuan trans errealitateak aintzat hartzeko protokoloa (36. artikulua)

Badira hainbat urte hezkuntza-zentroetan transexualitatea lantzeko protokoloak lantzen eta ezartzen ari direla, baina orain legez jasota geratu da hori. Hezkuntza Sailak, ikastetxeetako zuzendaritzekin batera, "oinarrizko helburu izango du pertsona transei beren errealizazio pertsonala eta soziala ahalbidetuko dien hezkuntza berrmatzea". Horretarako, "beharrezkoak diren neurri guztiak" hartuko dituzte.

 ·        Hezkuntzako planak eta edukiak (37. artikulua)

Sexu-identitate edota genero-identitatea "hezkuntza eremu guztietan errespetatua" izan dadin, "metodologiak, curriculumak eta bestelako baliabideak" bermatuko dira, "aniztasunarekiko ulermena eta errespetua areagotzeko" balioko dutenak.

Elaxar Lersundi, Ekai gaztearen aita, Eusko Legebiltzarrean izan da Trans Legearen erreformaren bozketa gertutik jarraitzeko. ''Lege hau pauso bat gehiago da, baina oraindik asko dago egiteko gizarte honetan'', esan du.

Elaxar Lersundi: ''Lege hau pauso bat gehiago da, baina oraindik asko dago egiteko gizarte honetan''
Elaxar Lersundi: ''Lege hau pauso bat gehiago da, baina oraindik asko dago egiteko gizarte honetan''
Elaxar Lersundi: ''Lege hau pauso bat gehiago da, baina oraindik asko dago egiteko gizarte honetan''

1:16

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Legebiltzarra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza LGTBI Umeak albisteak