Gizartea -

Eguraldia

Gau tropikala atzean utzita esnatu da EAE: 21 °C-ra arteko maximoak neurtu dituzte kostaldean

Tenperaturek markak hautsi dituzte bart, eta kostaldeko hainbat lekutan 20 °C inguruan, baita horren gainetik ere, izan dira goizean goiz.

Iluntzea Arantzazun. Argazkia: Maite Menendez
Iluntzea Arantzazun.
Iluntzea Arantzazun. Argazkia: Maite Menendez

eITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

21,3 ºC, horixe erakusten zuen Higer (Hondarribia, Gipuzkoa) estazio meteorologikoko termometroak 07:00etan. Neguko errekorra ez bada, gertu ibiliko da, zalantzarik gabe. Hego haizea ibili gau osoan, eta horrek balio epeletan utzi ditu tenperaturak. 

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak emandako datuen arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko toki askotan 20 ºC inguruko maximoak harrapatu dira goizean. Denen buru, esan bezala, mugako herriko estazioan neurtutakoak. Hondarribiako estazioan ez dira 21 graduko langatik jaitsi gau osoan. Donostian, Santa Clara uharteko estazioa gradu bat beherago geratu da: 20,1. Andoainen ere (Gipuzkoa) tenperatura bera erdietsi dute. Bizkaian, Almikeko (Bermeo) estazioan 19 ºC neurtu dituzte, baita Zorrotzako (Bilbo) zein Muxikako estazioetan ere. 

Egunaren lehen zatian giro epelarekin eta hego-haize biziarekin jarraituko dugu. Hala, beroenak 18-24 ºC artean ibiliko dira lurralde osoan. Arratsalde amaieran, baina, fronte bat iritsiko da, giroa goitik behera aldatuta. Haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egin eta euritara joko du; gauean zaparradak lurralde osora iritsiko dira eta baliteke tarteka trumoitsuak izatea. Leku askotan tenperatura minimoak azken orduetan neurtuko dira.

Bihar, ostiralarekin, tenperatura sasoi honetarako ohikoagoa izango da eta euria egingo du. Zaparradak botako ditu tarteka, batez ere egunaren lehen partean. Arratsaldeak aurrera egin ahala atertzera egingo du. Horrekin batera, mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ahulduz joan eta ostarteak zabalduko dira. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira, batez ere Kantauri isurialdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Hondarribia Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak