Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Aske utzi dute Tolosako sexu erasoengatik atxilotutako bigarren gizona
37 urteko atxilotua gaur igaro da epailearen aurretik, eta behin-behinean aske gelditu da, bermerik eta kautelazko neurririk gabe. Halaber, 28 urteko atxilotua karguekin aske gelditu zen atzo.
EITB MEDIA
Amaitu berri diren Tolosako inauterietan hiru sexu eraso eta bi atxiloketa izan dira. Gaur, Tolosako guardia epaitegiak behin-behinean aske utzi du Tolosako inauterietan izandako hiru sexu erasoen harira atxilotutako bigarren gizona. 37 urteko atxilotua goizean igaro da epailean aurretik sexu eraso delitua leporatuta, eta epaileak ez dio ez bermerik ezta kautelazko neurririk ezarri.
37 urteko gizona igandetik astelehenerako goizaldean atxilotu zuten Tolosan, adin txikiko bati kalean sexu erasoa egitea leporatuta, eta gaur eraman dute epailearen aurrera.
Beste bi sexu erasoak igandean gertatu ziren, 21:00 aldera Tolosan. Gizon batek elkarrekin zeuden bi emakumeri —horietako bat adingabea— eraso egin zien. 28 urteko gizona tokian bertan atxilotu zuten eta, atzo epailearen aurretik igaro ostean, karguekin aske gelditu zen.