Gizartea -

SEXU-ERASOAK

Fidantzarik gabe behin-behinean espetxera bidali dute bi sexu-eraso egotzita Azpeitian atxilotutako gizona

Bien bitartean, Ertzaintzak ikerketa zabalik dauka, bi gertakariak argitzeko. Igandean izan ziren erasoak, Azpeitiko inauterietako Elegante Egunean.

Azpeitian atzo egindako bilkura. Argazkia: EFE
Azpeitian atzo egindako bilkura. Argazkia: EFE
Azpeitian atzo egindako bilkura. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi sexu-eraso egotzita Azpeitian atzo atxilotutako gizonezkoa fidantzarik gabe espetxera bidali du Azpeitiko Lehen Instrukzioko Epaitegiko epaileak, gaur goizean deklarazioa hartu ostean. Bi emakumek salatu zuten igandean sexu-erasoa egin zietela, herri horretako inauterietako Elegante Egunean. 

Salaketen berri izan eta berehala, Azpeitiko Udalak bertan behera utzi zituen egunotarako deituta zuen festa-egitarau osoa, eta protesta bilkura deitu zuen, atzo arratsalderako. Ehunka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin, "Azpeitiako herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen" lelopean.

Segurtasun Sailak baieztatu du biktimetako batek igande gauean bortxatu egin zutela salatu zuela, eta ondoren, beste emakume batek ere egun berean eraso sexuala salatu zuela.

Ohar batean, Azpeitiko Udalak "gaitzespen gogorrena" agertu zuen, eta emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dela gogoratu, "emakumeak kontrolpean eta mendean izatea helburu" duena. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gogor salatu zituen eraso horiek eta "elkartasun eta babes" osoa eskaini zien biktimei, senideei eta lagunei.

Ertzaintzak ikerketa zabalik dauka, bi gertakariak argitzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Azpeitia Euskal Autonomia Erkidegoa Inauteriak Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak