Gizartea -
HILKETA
Gurutzetako Ospitaleko lankideek Castro Urdialesen hildako emakumea oroitu dute
Bost minutuko elkarretaratze isila egin dute ospitalearen atarian.
agentziak | eitb media
Castro Urdialesen (Kantabria) hildako emakumearen Gurutzetako Ospitaleko lankideek biktima oroitu dute ospitalearen atarian egin duten elkarretaratze batean.
Dozenaka langile bertaratu dira, asko Medikuntza Nuklearreko langileak eta zaindariak, eta bost minutuko isilunea egin dute, txalo artean amaitu aurretik.
Ez dute adierazpenik egin, baina bistakoa zen hilketak gogor kolpatu dituela horietako asko.
Emakumearen hilotza asteazkenean aurkitu zuten Castro Urdialesko urbanizazio bateko garajean, auto baten barruan, eskuak eta oinak lotuta, burua plastikozko poltsa batekin estalita, eta labankada batekin.
Guardia Zibilak emakumearen 15 eta 13 urteko bi semeak atxilotu zituen goizaldean, eta Santanderko Auzitegiak zaharrena sei hilabetez zentro itxi batean sartzeko agindu zuen. Bestea ezin dute auzipetu, 14 urte baino gutxiago dituelako, eta adingabeen zentro batera eraman dute.