Gizartea -

Kantabria

48 urteko emakume bizkaitarra hil dute Castron, ustez haren bi seme adingabeek

Castron bizi eta sortzez bizkaitarra zen emakumea auto baten barruan aurkitu dute, indarkeria zantzuekin. Semeetako batek 13 urte ditu, eta adin txikikoen zentro batean sartu dute. Bestea, 15 urtekoa, atxilotu egin dute, eta Adingabeen Fiskaltzaren aurretik igaroko da datozen orduetan.

Poliziaren hainbat patruila, gertakarien lekuan. Argazkia: EFE
Poliziaren hainbat patruila, gertakarien lekuan.
Poliziaren hainbat patruila, gertakarien lekuan. Argazkia: EFE

0:27

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

48 urteko emakume bizkaitar bat hilotz, indarkeria zantzuekin eta ahoa estalita, aurkitu dute bart Castro Urdialesen (Kantabria). Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak baieztatu duenez, andrazkoaren bi seme adingabeak atxilotu dituzte, hilketaren egileak direlakoan. 

Gorpua etxebizitza bateko garajean aparkatuta zegoen auto baten barruan topatu zuten atzo, 21:00ak aldera. Monte Cerredo kaleko etxebizitza horretan bizi ziren ama-semeak. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Silvia L. G., izatez Ezkerraldekoa bazen ere, urteak zeramatzan Castron bizitzen eta zeladore gisa lan egiten zuen Gurutzetako Ospitalean. Bi semeen aita Laudioko enpresa batean lanean ari zen hilketa gertatu denean. 

Bi adingabeak agertzen ez zirela eta, Poliziak horiek bilatzeko dispositiboa ezarri zuen, eta 02:15 aldera aurkitu dituzte Cotolino parkean. Semeetako batek 15 urte ditu, eta atxilotu egin dute, hilketarekin zerikusia duelakoan. Besteak 13 urte ditu, eta, beraz, ezin zaio deliturik egotzi.

Guardia Zibilaren ikerketaren arabera, ama hil dute, eta, ondoren, bahiketa baten itxurak egiten saiatu dira. Hori dela eta, amonari deitu diote eta berak deitu die guardia zibilei.

Eugenia Gomez de Diego Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkariak ostegun honetan azaldu duenez, 15 urtekoak atxilotuta jarraitzen du eta datozen orduetan igaroko da Adingabeen Fiskaltzaren aurretik. Aurrez, gazteari azterketa psikosoziala egingo diote. 13 urtekoa, berriz, adin txikikoen zentro batean sartu dute.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak doluminak eman dizkie hildakoaren senide eta lagunei, eta Udalaren laguntza eta babesa eskaini die.

Susana Herran Castro Urdialeseko alkateak Radio Euskadin esan duenez, "atsekabetuta" daude albiste lazgarri honekin. Baieztatu du ez zeudela familia horren inguruko salaketarik edo gorabeherarik.

Castro Urdialeseko Udalak hiru dolu egun ezarri ditu. Ildo horretan, banderak haga erdian jarriko dituzte, eta asteburuko inauteri ospakizunak bertan behera geldituko dira. Gainera, Udalaren eta herritarren elkartasuna helarazi die hildakoaren senideei, eta errespetua eskatu du ama-semeentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Zer gertatu da gaur Bizkaian? Delituak albisteak Espainia gaur Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Nerabezaroa albisteak Krimenak azken ordukoa