Gizartea -

Kantabria

Castro Urdialesen hildako emakumearen seme nagusia sei hilabetez zentro itxian sartzea agindu du epaileak

Anaia gaztea ere gertakarietan nahasita egongo litzateke, eta adingabeak babesteko zentro batean sartu dute, fiskalak hala aginduta.

Polizia gertakarien tokian. Argazkia: EFE
Polizia gertakarien tokian. Argazkia: EFE
Polizia gertakarien tokian. Argazkia: EFE

0:27

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santanderko Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiko titularrak, guardian diharduenak, bart Castro Urdialesen hilda agertutako emakumearen seme nagusia sei hilabetez erregimen itxian sartzea erabaki du, Kantabriako Adingabeen Fiskaltzak eskatu bezala.

Arratsaldean emandako aginduan, epaileak behin-behineko erabakia hartu du, beste hiru hilabetez luza daitekeena, ikertutako 15 urteko adingabeak ustez hilketa delitu bat egin duelako.

Adingabea Parayaseko Gazteentzako Gizarte eta Hezkuntza Zentroan sartuko dute, iturri judizialek jakitera eman dutenez.

Goizaldean atxilotu ondoren, gaztea Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute gaur eguerdian. Adingabeen Epaitegiari atxikitako talde teknikoak aztertu du, eta txostena egin du. Ondoren, Fiskaltzak deklarazioa hartu dio, eta gero, kautelazko barneratze-neurri bat hartzeko eskatu dio Epaitegiari, hilketa delitu zantzuak daudela iritzita. Eskaera hori jasota, Santanderko Guardiako Epaitegiak —entzunaldi-ordutegitik kanpo Adingabeen Epaitegiaren funtzioak bere gain hartzen ditu— agerraldi bat egin du arratsaldean, adingabea bertan zegoela. Talde teknikoak gaztearen egoeraren berri eman du, fiskaltzak kautelazko neurria hartzea eskatu du, eta alde guztiak ados agertu dira horrekin.

Anaia, 13 urtekoa, gertakarietan nahasita egongo litzateke, baina ezin da auzipetu 14 urte baino gutxiago dituelako. Beraz, adingabeak babesteko zentro batean sartu dute, fiskalak hala aginduta.

Castro Urdialesen bizi zen 48 urteko emakume bizkaitarraren gorpua asteazkenean agertu zen, 20:45 aldera, indarkeria zantzuekin eta auto baten barruan ahoa estalita, bizi zen Monte Cerredo kalean. Emakumeak zeladore egiten zuen lan Gurutzetako ospitalean.

Hasieratik baztertu zen genero-indarkeria izan zitekeela, eta bilaketa-dispositibo bat zabaldu zen bi adingabeak aurkitzeko. 02:00 aldera aurkitu zituzten herriko Cotolino parkean. Guardia Zibilak horietako zaharrena atxilotu zuen, heriotzaren egilea zelakoan, eta biak Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu ziren.

Susana Herran Castro Urdialeseko alkateak Radio Euskadin esan duenez, "atsekabetuta" daude albiste lazgarri honekin, eta baieztatu du ez zegoela familia horren inguruko salaketa edo gorabeherarik.

Castro Urdialeseko Udalak hiru dolu egun ezarri ditu. Ildo horretan, banderak haga erdian jarriko dituzte, eta asteburuko inauteri ospakizunak bertan behera geldituko dira. Gainera, Udalaren eta herritarren elkartasuna helarazi die hildakoaren senideei, eta errespetua eskatu du ama-semeentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Delituak Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Umeak Erailketak