Gizartea -

MINBIZIA

Protoiterapia unitatea hartuko duen azpiegituraren eraikuntza lehiaketara atera du Osakidetzak

Erradioterapia mota bat da protoiterapia edo protoi bidezko terapia. Teknologia honen ezaugarria da protoiak erabiltzen dituela X izpiak edo elektroiak erabili ordez. Egoitza berria Donostian eraikiko dute, Onkologikoaren alboan.

Egoitza berriaren maketa. Irudia: Irekia
Egoitza berriaren maketa
Egoitza berriaren maketa. Irudia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Minbizia tratatzeko protoiterapia unitate berria Donostiako Ospitalearen eremuan, Onkologikoaren alboan, eraikiko zutela iazko abuztuan iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta gaur jakinarazi du zentru berria eraikitzeko lanak lehiaketara atera dituztela jada. Esleitzen direnetik, 24 hilabeteko epean lanak amaituta egotea aurreikusten dute. 60 milioi euro bideratuko ditu proiektura Osasun Sailak.

Astearteroko Gobernu Bileraren ondoren egin duen agerraldian eman ditu xehetasunak Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Esan duenez, "helburua da heriotza-tasa murrizten jarraitzea, biziraupena handitzea eta minbizia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea". 

Erradioterapia mota bat da protoi bidezko terapia, eta oso toki gutxitan eskaintzen da tratamendu mota hori. Amancio Ortega Fundazioak emandako ekipamendua da Donostiako zentru berrian jarriko dutena, 28 milioi euro balio dituena. EAEko herritarrei asistentzia onkologikoa emateaz gain, inguruko beste lurralde mugakide batzuetakoei ere eskainiko die zerbitzua, tartean, nafarrei.

Teknologia honen ezaugarria da protoiak erabiltzen dituela X izpiak edo elektroiak erabili ordez minbiziaren aurkako tratamenduetan. Horri esker, adituen iritzian, erradiazioa modu lokalizatuagoan egingo da, dosia hobeto banatuko da eta eragin txikiagoa izango du kaltetutako ehuna inguratzen duen ehun osasuntsuan.

Protoiterapia unitatea hartuko duen eraikinak 9.625 metro koadroko azalera izango du, 4 solairutan banatuta. Sagarduiren arabera, paziente onkologikoen egonaldia ahalik eta gehien humanizatzeko pentsatutako diseinua izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Donostia Minbizia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak