Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: EITB DATA, pentsioen erradiografia; Osasun Ministerioaren bilera, eta elurra 600 metroan
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urtarrilak 8, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB DATA, pentsioen erradiografia: Azken hamarkadan, Euskadik 4.576 pentsiodun gehitu ditu urte bakoitzeko. Orotara, 474.327 pentsiodun izatetik 520.083 izatera igaro gara, hau da, % 9,6ko igoera. Nafarroak, bestalde, 1.374 pentsiodun gehiago batu ditu urteko, % 11,7ko igoera. Estatuan igoera hori % 10,1ekoa izan da.
- Osasun Ministerioaren bilera: Arnas infekzioen gorakadaren aurrean, osasun-zentroetan eta ospitaleetan musukoaren erabilera nahitaez ezartzeko aukera aztertuko dute gaur, astelehena, adituek, Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluan. Ezohiko osoko bilkuran, "irizpideak bateratzen" saiatuko dira eta autonomia erkidegoek hartu beharko lituzketen neurriak aztertuko dituzte.
- Elurra 600 metroan: Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du atzo baino euri gutxiago egingo duela gaurkoan, nahiz eta haize hotzak tenperaturen jaitsiera ekarriko duen. Kostaldean, baina, prezipitazio gutxi batzuk espero dira, arratsaldetik aurrera mantsotuko badira ere. Elur kota 600-800 metroraino jaitsiko da egunaren lehen zatian.