Gizartea -

Matxura

Donostiako noria berriro ireki dute, segurtasuna egiaztatu ondoren

Iñigo Olaizola Sustapen zuzendariak azaldu duenez, elektrobalbula baten akatsak eragin zuen matxura, ingurunearen gazitasunak eraginda, antza. Pieza aldatu eta segurtasun- eta ebakuazio-proba guztiak dituzte.

Donostiako noria, berriro martxan. Irudia: EITB
Donostiako noria, berriro martxan. Irudia: EITB
Donostiako noria berriro martxan, segurtasuna egiaztatu ondoren

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako noria ostiral arratsaldean ireki dute berriro, Udalak segurtasun- eta ebakuazio-proba guztiak egin ostean. 67 pertsona erreskatatu zituzten ostegunean matxura baten ondorioz noriatik jaitsi ezinik geratu ostean.

Iñigo Olaizola Donostiako Sustapeneko zuzendariak gaur azaldu duenez, elektrobalbula batek huts egin zuelako gertatu zen matxura, inguruko gazitasunak eraginda, antza, noria Alderdi Ederreko lorategietan baitago, itsasoaren ondoan.

Hasiera batean, atrakzioaren jabeek pieza berri bat eskatu zioten Alemaniari, eta konpontzeko "pare bat egun" beharko zutela aurreikusi zuten, baina Gipuzkoako hiriburutik "gertu" lortu dute azkenean. Horri esker, gaur goizean egin dituzte segurtasun- eta ebakuazio-probak, suhiltzaileak eta udaltzainak bertan zirela, Olaizolak azaldu duenez.

Egiaztapenak egindakoan, Udalak kontratatutako segurtasun-enpresaren eta larrialdi-zerbitzuen txostenak jaso eta gero, noria berriro jarri ahal izan dute martxan.

Olaizolaren hitzetan, piezak huts egin zuenean gelditu zen noria, eta langileak ez zuen "eskuzko sistema aktibatu", horrekin biraka jarraitzeko moduan bazegoen ere. Azaldu duenez, "urduri samar jarri zen eta suhiltzaileei deitu zien zuzenean".

Olaizolaren arabera, antsietate-estutasun kasu bat kenduta, ez zen inolako gorabeherarik izan erreskatatutako pertsonekin, eta eskerrak eman dizkie Donostiako Suhiltzaileei, Udaltzaingoari eta Babes Zibilari, operazioa "azkarra, eraginkorra eta garbia" izan zelako, eta barkamena eskatu die ezbeharra izan zuten erabiltzaileei.

Urtarrilaren 31ra arte Donostian egongo den norian ibiltzeko errezeloren bat dutenei, Olaizolak esan die Udalak ez duela martxan jartzen utziko "den-dena erabat berrikusita egon arte, eta, beraz, irekitzen den unean, segurtasun-baldintza guztiak beteko dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak