Gizartea -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Asiloa eskatzeko hitzorduak lortzeko "mafiak" eta "kolapsoa" daudela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ez du ulertzen Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren "haserrea", uste baitu ez dela berria Polizia Nazionalarekin hitzorduak lortzeagatik mafiek pertsona migratzaileei kobratu egiten dietela esatea.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, Radio Euskadin
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, Radio Euskadin
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, Radio Euskadin

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak salatu duenez, nazioarteko babesa eskatu ahal izateko Polizia Nazionalaren komisaldegietan hitzordua lortzeko "mafiak" eta "kolapsoa" daude.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Legarretak izkin egin nahi izan dio azken orduetan Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin zabaldutako polemikari.

Atzo, Denis Itxasok "arduragabekeria" eta "desleiala" izatea leporatu zion Legarretari, Polizia Nazionalarekin hitzorduak lortzeagatik mafiek pertsona migratzaileei dirua eskatzen dietela esateagatik.

Gaur Legarretak esan du ez duela ulertzen Itxasoren "haserrea", bere esanetan, mafien inguruan egindako salaketa ez delako berria. "Hirugarren sektoreko erakundeek behin baino gehiagotan esan dute hori, Arartekoak jorratu izan du gaia, eta hainbat parlamentutan eztabaidagai izan da" adierazi du. Gainera, esan du Eusko Jaurlaritzak jo behar zuela uste zuen tokira jo zuela talde horien jardueraren berri izan zuenean.

"Kezkatu behar gaituena da, gaur gaurkoz, Euskadin bizi den eta nazioarteko babesa eskatzeko hitzordua nahi duen pertsona batek ez duela lortzen", azpimarratu du. Ildo horretan, administrazioek "eskubide hori bermatzeko" lan egin behar dutela uste du: "Formulak badaude".

Bestalde, bihar bilera egingo dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak migrazio eskumenaren zati bat EAEra eskualdatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak