Gizartea -
ABENDUAK 21
Bilboko San Tomas azokak 215 postu izango ditu aurten eta jaia Bailen kalera zabalduko da
Gainera, "jasangarriagoa" eta "begirunetsuagoa" izango da, eta, lehen aldiz, azokari buruzko informazio praktiko guztia app baten bidez kontsultatu ahal izango da.
EITB Media
Bilboko San Tomas azokaren 74. edizioa ospatuko da datorren abenduaren 21ean, eta 121 ekoizlek beteko dituzte Areatza inguruko 215 etxolak. Beste behin, Areatza (Areatza eta bere Aterpeak, Arriaga plaza eta San Nikolas) izango da azokaren bihotza, baina jaia Bailen kaleko Emakumeen Plazara zabalduko da.
Lehen aldiz, azokari buruzko informazio praktiko guztia kontsultatu ahal izango da BBK-k garatu duen aplikazio baten bitartez.
Aurten ere San Tomas azokak Bizkaiko Sukaldarien Bilkuraren (BISUBI) laguntza izango du. Guztira, 2.000 indaba anoa, 1.000 txahal gisatu anoa eta 600 pintxo prestatuko ditu eta bildutako dirua Aspanovas Fundaziora, Zaporeak Fundaziora, Koop SF34 Elkartera eta Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko da.
Anoa solidarioak eta pintxoak 3 euroren truke erosi ahalko dira. Gainera, soberakina tupper solidarioetan jasoko da: azokako bisitariek erosi ahal izango dituzte eta elkarte laguntzaileen artean ere banatuko da.
Halaber, azoka "km0" eta "jasangarriagoa" izango dela diote antolatzaileek, izan ere, postuek eta txosnek edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak erabiliko dituzte. Horrez gain, gaiak birziklatzeko edukiontziak ere izango dira San Tomas azokan.
Bestalde, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute.