Gizartea -

Bilbon aparkatzea

Bilboko TAO berriaren aldaketa nagusiak

Bisitariek bazkalorduan ere ordaindu beharko dute hiriko erdigunean. Egoiliarrentzat ere desagertu egingo da sektore urdineko lehen bi orduko doako aparkalekua, baina ordutegiak murriztu egin dituzte. Isunak ezingo dira makinan ordaindu.

Egoiliarrentzat zein bisitarientzat daude aldaketak. EITB Media
Egoiliarrentzat zein bisitarientzat daude aldaketak
Egoiliarrentzat zein bisitarientzat daude aldaketak. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

TAO (Trafiko eta Aparkaleku Ordenantza) berria dago martxan gaurtik, abenduaren 11tik, Bilbon. Ordenantza berriak aldaketak ekarriko dizkie hiribilduan aparkatu nahi duten bisitari eta egoiliarrentzat. Sei puntutan laburbildu ditugu: 

1) Bisitari eta turistentzat bi zatitan egongo da banatuta hiria. Bakoitzak bere ordutegi eta aparkatzeko gehienezko denbora tarteak izango ditu. 

Eremu intentsiboa. Hiriaren erdigunea hartzen du, hots, Indautxu eta Abando auzoak (mugak: Sabino Arana eta Autonomia kaleak, itsasadarra eta Zabalburu ). TAOa egun osoan egongo da indarrean (09:00-20:00, astelehenetik ostiralera eta 09:00-14:00, larunbatetan). Sektore berde eta urdinean gehienez hiru orduz aparkatu ahalko da. Behin denbora gaindituta, ezingo da autoa utzi eremu horretan ordu eta erdi igaro arte. 

Bizitegi eremua. Erdigunea ez den guztia. Kasu honetan, bazkalorduko tartean ez da TAOrik izango astegunetan (09:00etatik 13:30era, eta 15:00etatik 19:00etara) eta larunbatetan ez da ordaindu beharko. Aparkatzeko gehienez bost ordu izango dira sektore berdean, eta hiru, sektore urdinean.  

2) Egoiliarrentzat bi aldaketa nagusi izango dira: aurrerantzean 30 eremu egongo dira (lehen 16 ziren, kontsultatu zein den zurea), eta sektore urdinean, lehen ez bezala, lehen bi orduak ez dira doan izango. 

Dena dela, ordutegiak murriztu egin dituzte: eremu intentsiboan, 10:00etatik 19:00etara (aste barruan bakarrik), eta bizitegi eremuan (10:00-13:30 eta 15:00-18:00, astelehenetik ostiralera).

Orain arte bezala, egoiliarrek sektore berdean aparkatu ahalko dute tiketa barik eta denbora muga barik

3) Isunak. Jada ezingo dira aparkatzeko makinan bertan ordaindu, eta etxera helduko dira, trafikoko gainerako isunak bezala. Borondatezko ordainketa eginda % 50eko  deskontua izango da. 

Gainera, isun batzuk garestituko dira. Tiketa jarri ez dutenek eta zama lanetarako gordetako lekuetan aparkatzen dutenek gehiago ordainduko dute aurrerantzean: lehen kasuan, 40 eurotik 100 eurora igoko dute isuna, eta bigarrenean, 60 eurotik 200 eurora. Gainera, tiketa jarri ostean ezarritako denbora gainditzen dutenei gainditutako denboraren arabera ezarriko zaie isuna: 40 euro, ordu erdi baino gutxiagogatik; 80 euro, 30 minutu eta ordubete artean, eta 100 euro, ordubete baino gehiagogatik. 

4) Ibilgailu ez kutsatzaileak. 0 emisioen etiketa urdina (% 100 elektrikoak) eta ECO etiketa duten ibilgailuei (hibridoak) dutenei tarifa ezberdina aplikatuko zaie, eta tiketa berezi bat atera beharko dute. Horren arabera, lehen bi orduetan prezio erdian edukiko dute aparkalekua, gainerakoan baldintza berak izango dituzte (denbora muga eta ordutegiak). Udal-elektrolineretan, denbora mugarik gabe aparkatu ahalko da (tiketa behar da), kontrakorik zehazten ez bada. Hala ere, karga amaitu ondoren, ibilgailuak elektrolineratik joan beharko du.

5) Desgaitasunen bat aitortuta duten pertsonak tiketa berezi bat atera ahalko dute, eta lehen bi orduetan doan izango dute aparkalekua. Une horretatik aurrera, ordutegi bera izango dute, baina denbora tarte zabalagoa (bost ordu gehienez, erdigunean, eta zazpi ordura arte, bizitegi eremuan). 

6) Garraio enpresak. Zamalanetara gordetako lekuetan, lehen 30 minutuak doan izango dira (tiketa APP bidez eskuratu beharko da, ezinbestean). TAO aparkalekuetan ere denbora tarte bera izango dute musutruk, baina gerora bisitarien baldintza berak bete beharko dituzte. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak TAO