Gizartea -

Euskararen Eguna

Euskararen garapen digitalean jarri du azpimarra aurtengo Euskararen Eguneko ekitaldi nagusiak

"Batu ditzagun ahotsak, eraldatu dezagun etorkizuna" lelopean ospatzen ari den egunak Gaitu kanpaina izan du ardatz. Tabakaleran igande eguerdian egin den ekitaldian, euskarak "mundu berri" honetan dituen erronkez eta horiei ekiteko beharraz aritu dira agintari eta adituak.

Tabakalerako ekitaldia, gaur. Argazkia: @Ararteko.
Tabakalerako ekitaldia, gaur. Argazkia: @Ararteko.
Tabakalerako ekitaldia, gaur. Argazkia: @Ararteko.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskarak munduan eta, batez ere, mundu digitalean dituen erronkak izan dira gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean egin den ekitaldi instituzionalean gonbidatuen hitzartze eta hausnarketen ardatz. 

Jaurlaritzako hainbat sailbururekin batera, Iñigo Urkullu lehendakaria eta euskalgintzako eta gizarteko ordezkari andana bildu da gaur Donostian, Tabakaleran eguerdian egin den ekitaldian.

Izan ere, euskararen garapen digitala izan da aurtengo Euskararen Egunak erdigunera ekarri nahi izan duena. Hain zuzen ere, duela aste batzuetatik martxan den Gaitu kanpainak (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatutako ekimena) leku nabarmena izan du gaurko ekitaldian. Ekimen horrek ahalik eta herritar gehienen milaka ahots biltzea du xede, teknologiari euskara erakusteko, adimen artifizialak euskaraz egin dezan.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, euskarak XXI. mendean erronka berriak ditu aurretik, eta mundu digitalean dituenak nabarmendu ditu, bereziki. "Mundu berria dator, eta gure herriak bere tokia aurkitu nahi du mundu berri horretan. Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, euskarak ere bere tokia behar du; toki nahikoa, beste hizkuntzen artean, bizi dadin eta aurrera egin dezan. Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunak mundu berri bati begira paratu gaitu, mundu digitalari begira alegia. Erronka berria da, bizi dugun garaiari dagokiona. Horretan ari gara, eta erronka berri horretan ere aurrera goaz", esan du.

Halaber, lehendakariak nabarmendu du erronketariko askok hezkuntzarekin dutela zerikusia, eta azpimarratu du hezkuntza sistema izan dela "euskara biziberritzeko biderik eraginkorrena, oparoena", eta hala izango dela aurrerantzean ere. Lehendakariak gaineratu duenez, "herritar trebatuak nahi ditugu, ezagutzen ez dugun etorkizunari aurre egiteko tresna eta baliabide egokiak izango dituzten pertsona kriteriodun eta kritikoak. Eta argi dago hizkuntzak tresna garrantzitsuak izango direla, etxeko eta lagunarteko harremanak goxatzeko zein kanpoko eta munduko harremanetarako".

Hizkuntza teknologietan eta euskararen digitalizazioan lanean ari diren profesionalek ere hartu dute parte Tabakalerako ekitaldian. Lohitzune Txarola Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko zuzendariak eta Lengoaia Naturalaren Prozesamenduan (NLP) eta Inteligentzia Artifizialean (IA) espezializatutako Orai zentroko Josu Aztiria koordinatzaileak eta Igor Leturia garatzaileak teknologien arloan euskarari bultzada emateko konpromisoa eskatu dute, adimen artifizialari dagokionez eta eremu digitalean, oro har, euskarak dituen erronkak azaltzearekin batera. 

Makinei euskara erakusteko beharra

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen adierazpen instituzionalak ere, mundu digitalean euskararen presentzia areagotzeko beharra azpimarratzen du: "Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari".

Hain zuzen ere, helburu hori sustatzeko jarri zuten martxan urrian Gaitu kanpaina. Ekimen horrek audio-grabazioen datu-sorta librea sortzea du helburu, ahots-teknologiak garatzen dituen edozein enpresak edo entitatek hori erabilita, produktuak euskaraz garatu ahal izateko. Euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta, horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago izan, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu-basea eta materiala.

Gaur egun, 205 hizkuntza daude Common Voice proiektuan, eta horietatik 131 martxan daude, grabazioak egiten alegia, tartean euskara, eta 74, berriz, prestaketa lanetan.

Urrian Gaitu kanpaina martxan jarri zenetik, mundu mailan grabazio ordu gehien pilatu dituzten hizkuntzen artean hamabigarrena da euskara 131 hizkuntzako zerrendan, besteak beste, italieraren eta japonieraren aurretik. 

Gaitu.eus atarian sartu eta bi modutara lagun dezakete herritarrek: idatzita dauden esaldiak irakurriz, ozenki grabatzen den bitartean, edo beste hiztunek grabatutako esaldiak entzun eta baliozkotuz. Bi hilabetean, 170.000 esalditik gora grabatu dituzte 8.000 lagunek baino gehiagok; ia 500 ordu guztira. Horiek baliozkotu eta berriak grabatzea beharrezkoa da, ordea, helburua lortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Donostia bideoak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Euskara eguna gaur Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Tabakalera azken ordukoa Kontseilua