Gizartea -
Bizkaia
Eguraldia lagun, milaka pertsona hurbildu dira Gernika-Lumora, Urriko Azken Asteleheneko azoka tarteko
Goizak aurrera egin ahala, eguzkia nagusitzen joan da Bizkaiko udalerrian. Jendetza ibili da herrigunean paratutako 307 postuetan. Baserritarrek nabarmendu dutenez, ahalegindu dira prezioei eusten, baina fruta eta babarruna iaz baino garestiago egon dira postuetan.
Eitb media
Gernika-Lumok gaurkoa du bere egun handietako bat: Urriko Azken Astelehena. Hitzorduarekin fidel izan dira herritarrak, eta eguzkiak berotuta, milaka ibili dira Bizkaiko udalerrian, hara eta hona. Batzuk, ikusmiran; erosten, beste batzuk. 307 postu izan dituzte horretarako.
Goizean goiz lainotuta egon bada ere, orduek aurrera egin ahal ostarteak zabaltzen joan dira, eta bisitariak ere ugaritzen. Udalak garraio publikoz, autobusez nahiz trenez, joateko deia egina zuen.
Postuen artean, gaztagileenak izan dira ugarienak (39), baina ogia eta euskal pastelak egiten dutenak ere, makina bat (29), barazki, txakolin eta bestelako elikagai ekoizleekin batera. Nekazaritza azokaz gain, dozenaka artisauk ere euren lanak erakusteko eta saltzeko aprobetxatu dute hitzordua.
Inflazioak eragina izan du, nola bestela, Bizkaiko azokan. Baserritarrek nabarmendu dutenez, ahalegindu dira prezioei eusten, baina fruta eta babarruna iaz baino garestiago egon dira postuetan.