Politika -

Eusko Legebiltzarra

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk atzera bota dituzte Hezkuntza Legearen proiektuaren aurkako osoko zuzenketak

Hurrengo urratsa talde guztiek aurkeztutako 300 zuzenketa partzialak eztabaidatzea izango da. Eusko Jaurlaritzak espero du eztabaida hori bi hilabetean egitea, legea urtea amaitu baino lehen onar dadin.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
EAEko hezkuntza legearen proiektuari ezarritako osoko zuzenketak atzera bota ditu Legebiltzarrak

0:43

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Legearen proiektuak, legegintzaldi honetako garrantzitsuenetakoak, beste aurrerapauso bat eman du gaur Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Vox ultraeskuineko alderdiak aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota ondoren, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren ezezko botoei esker. Horrela, taldeek aurkeztutako zuzenketa partzial guztiak eztabaidatzeari ekingo diote.

Horrela, PPren, Voxen, Ciudadanosen eta Elkarrekin Podemos-IUren osoko zuzenketak bertan behera geratu dira. Azken koalizio horrek hezkuntza ituna sinatu zuen, baina lege-proiektutik aldendu zen, EAJrekin, PSE-EErekin eta EH Bildurekin sinatutako akordioa ez dela errespetatu argudiatuta.

Hurrengo urratsa talde guztiek aurkeztutako 300 zuzenketa partzialak eztabaidatzea izango da. Eusko Jaurlaritzak espero du eztabaida hori bi hilabetean egitea, legea urtea amaitu baino lehen onar dadin.

Hizkuntza ereduak ere hizpide izan dira gaurko eztabaidaren zati handi batean, eta EH Bilduk argi utzi du ez duela legea "edonola" babestuko. EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen indarraldia argitzen duen zuzenketarekin, alderdi horiek "joko arauak aldatzen eta prozesua okerrera baldintzatzen" ari direla ziurtatu du Ikoitz Arrese koalizioko legebiltzarkideak, eta ohartarazi du bere taldeak ez duela babestuko "Eusko Jaurlaritzaren barne oreka alderdikoiei erantzuten dien" lege bat.

Maria Jesus San Jose legebiltzarkide sozialistak Arreseri erantzunez esan du "deigarria" dela esatea errealitate soziolinguistikoa jasotzeak prozesu osoa baldintzatzen duela, eta baieztapen hori zuzenketa batean "Euskal Herriak nazio izateko duen eskubidea" jasotzen duen talde batek egitea. "Bide horretatik bazoazte, arazo bat duzue", ohartarazi die.

Lehentxeago, legea defendatzeko txandan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua ziur agertu da zuzenketa partzialen eztabaidan taldeak gai izango direla horren inguruan akordioak lortzeko.

"Legea ahalik eta adostasun handienarekin onartzeari eman behar zaio lehentasuna. Gure gizartea aldatu egin da, ereduak ere bai. Hortik aurrera, errealitate berrira egokitzea dagokigu", adierazi du.

Legeak 1993tik indarrean dagoena ordezkatuko du, eta alderdi garrantzitsuak arautuko ditu; itunpeko ikastetxeetako kuoten amaiera tartean. Hala ere, eztabaidaren gai nagusia, ziurrenik, hizkuntza ereduena izango da.

EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduei buruzko zuzenketa adostu badute ere, interpretazio ezberdinak daude bi alderdien artean. Sozialistek uste dute zuzenketa horrek egungo ereduen jarraipena bermatzen duela, baina Jokin Bildarratz sailburuak eredu horiek eguneratzearen alde egin du, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua erabaki ahal izan dezan. EH Bildu ere ez dago ados idatziarekin, eta azalpenak eskatu ditu.

Dena aurreikusitakoaren arabera badoa, legea legegintzaldi honetan onartuko dute. Hala ere, eskola publikoaren aldeko elkarteak eta sindikatuak legearen aurka daude, uste dutelako ez duela sare publikoa irakaskuntza-sistemaren erdigunean jartzen eta ez diela konponbiderik ematen jatorri sozioekonomikoaren araberako bereizketa-arazoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza