Gizartea -
Hezkuntza
Hezkuntza Sailak atzera bota ditu eskola-garraioko enpresek eskatutako kautelazko neurriak
Enpresek aitortu dute zerbitzua eman beharko dutela notifikazio ofiziala jaso eta gero. Horrenbestez, litekeena da hurrengo egunetan itzultzea eskola-garraioa.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzera bota ditu eskola-garraioko enpresek lizitatu gabeko ibilbideetan jardutera behartzen dituen aginduaren kontra eskatutako kautelazko neurriak, eta, ondorioz, litekeena da zerbitzua hurrengo egunetan abiatzea berriz.
Hogeita hamar bat enpresak helegitea aurkeztu dute bide administratiboan, hau da, Hezkuntza Sailean, baina oraingoz ez dute bide judizialera jo.
EITBk jakin duenez, enpresek aitortu dute zerbitzua ematera behartuta daudela orain. Dena dela, azaldu dute notifikazio ofiziala eta ibilbideen fitxa teknikoa jaso behar dutela lehenengo. Horregatik, hurrengo astean itzuliko da eskola-garraioa, baina ez ostiral honetan bertan. Gainera, konpainiek ohartarazi dute prozesua atzeratzen saiatuko direla.
Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek ondorioztatu dutenez, konpainien argudioek "ez dituzte baldintzak betetzen" kautelazko neurriak onartu ahal izateko, eta helegiteak ebatzi arte zerbitzua ematera behartuta daudela gogorarazi diete.
Eskola-garraioko enpresa gehienek ez dute zerbitzua eman gaur Araban eta Bizkaian, Jaurlaritzaren aginduari planto eginda; izan ere, enpresen ustez, Jaurlaritzaren agindua "bidegabea" da, eta argudiatu dute irailaren 5ean indarrean sartu zenetik ez dutela "denbora nahikorik" izan prestaketak egiteko.
Horren aurrean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak "jarrera aldatzeko" eta ikasleen garraioa bermatzeko deia egin die konpainiei.