Gizartea -

Rubiales auzia

Euskal futbolak Rubialesi bizkarra eman dio eta RFEFen zuzendaritza utzi dute

Euskadiko, Gipuzkoako eta Arabako federazioetako lehendakariek Zuzendaritza Batzordeko kide izateari uztea erabaki dute. Nafarroako federaziokoak, berriz, Emakumeen Futboleko Batzorde Nazionaleko lehendakari eta RFEFeko lehendakariorde karguak utzi ditu.

Del Amo, Landeta, Díaz Marcos eta Arrieta. EFE/EITB Media.
Del Amo, Landeta, Díaz Marcos eta Arrieta. EFE/EITB Media.
Del Amo, Landeta, Díaz Marcos eta Arrieta. EFE/EITB Media.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal futbolak bizkarra eman dio Luis Rubialesi, Espainiako Futbol Federazioko (RFEF, gaztelaniaz) presidenteari, erakundeak deitutako batzarrean dimisioa emateari uko egin ostean. Jenni Hermoso jokalariari baimenik gabe emandako musuak eta Espainiak irabazi zuen Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketako finalean izan zuen jarrerak sortutako eskandaluaren ostean deitu zuen batzarra.

Euskadiko, Gipuzkoako eta Arabako futbol federazioek komunikatu bat argitaratu dute bertako presidenteek RFEFko Zuzendaritza Batzordetik dimisioa emango dutela jakinarazteko. Javier Landetak, Manu Díaz Marcosek eta Kepa Arrietak organo horren hurrengo bileran aurkeztuko dituzte uko egiteak.

Hiru federazioek komunikatu bat argitaratu zuten RFEFren batzarraren aurretik, ez zirela joango iragarriz, "sari banaketan gertatutakoaren larritasuna" ikusita. Era berean, gaineratu zuten presidenteek Zuzendaritza Batzordean jarraitu edo ez "erabaki beharko zutela", "hurrengo egunetan gertatzen denaren arabera".

Rafael del Amo Nafarroako Futbol Federazioko presidenteak ere RFEFen zituen karguak utzi ditu; Emakumezkoen Futboleko Batzorde Nazionaleko presidente eta Espainiako Futbol Federazioko presidenteorde izateari utzi diola jakinarazi du. Bere hitzetan, Luis Rubialesek Federazioko buru izaten jarraitzen duela ikusita hartu du erabakia. Aurpegira begiratu dion lehendakari bakarra izan naiz. "Rubialesi eskerrak eman behar dizkiola aitortu du, baina "batez ere palkoan gertatutakoagatik, onartezina" dela uste du. Hala ere, emakumezkoen futbola "eskandalu guzti honetatik" indartuta aterako dela uste du.

Futbol taldeei dagokionean ere izan dira erreakzioak. Athleticek hiru puntuko komunikatu ofiziala argitaratu du. Bertan adierazi duenez, kluba "ez dator bat Luis Rubiales RFEFko presidenteak Emakumezkoen Munduko Txapelketan eta gaurko Batzarrean esandakoekin, gizartean indarrean dauden berdintasun eta errespetu printzipioei eraso egiten baitie".

"Aurrekoaren ondorioz, -dio bigarren puntuan- Athletic Clubeko presidenteak (Jon Uriarte) RFEFri jakinarazi dio uko egin diola RFEFko Zuzendaritza Batzordeko kide izateari". Komunikatua amaitzeko, Athletickek dio "konfiantza" duela eta "babesa ematen" diola "Kirol Kontseilu Gorenak egoera hau konpontzeko hasi dituen eginbideei".

Alavesek Luis Rubialesen jarrera gaitzetsi du eta bere jokabidea baztertu du. "Futbol profesionaleko erakunde eta ordezkari guztiek negoziatu ezin diren balio batzuen bozeramaile izan behar dute, hala nola, berdintasuna eta errespetua. Eredu izan behar dute gizartearentzat", adierazi du klubak.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak atzo, osteguna, gaitzetsi zuen RFEFko presidentearen jarrera: "Errespetu falta izan zuen eta asaldura soberan egon zen ospakizunean". Batzarrerako deialdia "akats oso larri" baten gainean "kea botatzea" dela adierazi zuen, eta gaurko ezohiko batzarrera ez joateko erabakia jakinarazi zuen.

Hainbat futbolarik ere hartu dute hitza gaur. Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi, Iris Arnaiz eta Ana Tejadak, besteak beste, Jenni Hermosori, Luis Rubialesen musua jaso zuen jokalariari, babesa eman diote.

"Aski da. Zurekin, Jenni Hermoso. Tamalgarria da orain dela hilabete batzuetako kexak benetakoak zirela sinestea", esan du Nerea Eizaguirrek.

Amaiur Sarriegik adierazi duenez, "azken egunotan gertatutakoek duela hilabete batzuk salatu genituen arazoak islatzen dituzte: matxismo eta futbolariak gutxiesten dituen arazo estruktural larria". "Aski da", amaitu du.

Errioxan ere dimisioa eman dute. Itziar Diaz Errioxako Futbol Federazioko Emakumezkoen Futbol Batzordeko presidenteak kargua utzi du, "printzipioengatik, eikagatik, moralagatik eta duintasunagatik".

Eusko Jaurlaritzaren gaitzespena

Eusko Jaurlaritzak, Bingen Zupiria bozeramailearen bitartez, esan du "auzolotsa" sentitu duela Rubialesi Federazioko presidente kargua utziko ez duela entzutean, eta egoera horri "behar bezala" erantzuteko eskatu dio futbol munduari.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak ere hizpide izan du gai hori, eta esan du ezin zuela "sinetsi" Rubialesi entzundakoa, eta bere diskurtsoa "antifeministatzat" jo du.

Era berean, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "justifika ezinezkotzat" jo du Rubialesen jarrera, eta sare sozialetan gaineratu du "bere jarrerak eta adierazpenak testuinguruaren araberakoak izan arren" ez direla sartzen "gizonak eta emakumeak berdin errespetatu behar dituen gizarte batean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Munduko Futbol Txapelketa Indarkeria matxista gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa