Gizartea -
Araba
Gasteizko TAO berriak Judimendi, Adurtza, Arana, San Kristobal eta Done Jakue auzoetako 46 kale hartuko ditu
Arabako hiriburuko TAO sistema berria gaur jarri da martxan aipatu auzoetan, parkimetro digitalekin.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko TAO berria gaur, ekainak 1, jarri da martxan, eta Judimendi, Adurtza, Arana, San Kristobal eta Done Jakue auzoetako 46 kale berri hartuko ditu. Guztira, 3.300 aparkaleku dira, gehienak Arabako hiriburuko eremu horietako biztanleentzat.
Saray Zarate Mugikortasun eta Espazio Publikoen koordinatzaileak eman zuen zabalkuntza horren berri, atzo, Gasteizen egindako prentsaurrekoan.
Sistema berriak parkimetro digitalak ditu, txartela "modu erosoagoan eskuratzeko eta ordainketak arinago egiteko". Parkimetro berriek kolorezko pantailak dituzte, goialdean jarritako eguzki plaken bidez kargatzen dira, eta kontrola digitala da, kamera duten ibilgailu elektrikoen bidez egiten baita.
Aurten geratzen diren hilabeteetarako egoiliar txartelak 25,68 euro balio du, eta urte osokoak 43,80 euro. Bestalde, Udalak jakinarazi duenez, karga txartelak ezingo dira erabili parkimetro berrietan, eta, beraz, herritarrek San Martingo udal bulegoetara joan beharko dute txarteleko saldoa itzultzeko eskatzera.
Bestalde, Trafiko Zerbitzuak gogorarazi du hainbat aplikazio daudela herritarren eskura, TAO sakelako telefonotik kudeatzeko eta ordaintzeko.
Gasteizko Udalak TAO berriari buruzko informazioa areagotu du, kartelak jarriz, liburuxkak banatuz eta kalean bertan ere karpak jarriz, "bizilagunei behar duten informazio guztia helarazteko eta zalantzak argitzeko".
Informazio gehiago behar izatekotan, Gasteizko Udalaren webgunea kontsulta dezakezu.