Gizartea -
Ura
Euriak arnasa ekarri du EAEko urtegietara, baina Nafarroako hegoaldean ez du egin oraingoz
Arabako Uribarri Ganboa eta Urrunagako urtegiek edukieraren % 74,5 eta % 76,8 dute beteta, hurrenez hurren. Bestalde, Añarbeko ur-mailak ere gora egin du euriteen ondorioz, eta edukiera osoaren % 89ra iritsi da. Nafarroako urtegien ur-maila, aldiz, ez da edukieraren % 50era iristen.
EITB MEDIA
Euskadiko urtegi nagusien mailak gora egin du, azken egunetako euriteen ondorioz. Horrela, Gasteiz eta Bilbo hornitzen duten Arabako Uribarri Ganboa eta Urrunagako urtegiek edukieraren % 74,5 eta % 76,8 dute beteta, hurrenez hurren. Gipuzkoako Añarbe urtegiaren kasuan, berriz, % 89 du beteta. Nafarroako urtegien egoera, aldiz, oso bestelakoa da. Aurtengo datuak iazko datuetatik oso urrun daude, eta batez beste horien ur-maila ez da edukiera totalaren %50era ere heltzen.
Hala ere, oraindik ez dira iristen aurreko urteetako datu metatuetara. Izan ere, azken hiru hilabeteetako lehortearen ondorioz, betetze-mailak azken hamar urteetako batez bestekoaren azpitik jarraitzen du.
Euskadiko urtegiak, gora
Zadorra sistemako urtegi nagusiak 109,5 hektometro kubiko ur ditu. Beraz, Uribarri Ganboako edukiera osoaren % 74,5 du beteta.
Urrunagako urtegiak, bestalde, anaia zaharrenaren antzeko datuak ditu. % 76,8 du beteta, 55,1 hektometroko ur-maila baitu, aurrekoaren erdia baita.
Bestalde, datuak nabarmen hobetu dira Ordunteko urtegian, ia beteta baitago dagoeneko. Burgoskoak 22,1 hektometro ur ditu, edukieraren % 85 baitu beteta.
Azkenik, Gipuzkoako Añarbek 33,4 hektometro ditu gaur, astelehena; edukiera osoaren % 89.
Nafarroako iparraldean, uholdeak
Nafarroak ura behar zuen, baina urak, orain, arazoak sortu ditu. Hala ere, premiarik txikiena dagoen lekuan izan da euri gehiena, Euskal Herriko ipar-ekialdean egin baitu gehien. Hegoaldean, aldiz, ezer ere ez. Gainera, eguraldi iragarpenaren arabera, Nafarroako iparraldean aste osoan zehar jarraituko du euriak.
Aste honetan ere, egoerak ez du aldaketarik izango. Iparraldean, euritan jarraituko du; hegoaldean, aldiz, ez.
Nafarroako hegoaldean, lehortea
Nafarroako urtegien egoerarekin alderatuz gero, ordea, egoera erabat desberdina da. Lurralde horretako urtegiek metatutako datuak oso urrun dira iazko dautetatik, edukiera totalaren % 50etik behera.
Esako urtegiak 284 hektometro kubiko ur ditu, edukieraren % 48,46; aurreko urtean metatutakoa baino % 12,80 gutxiago.
Itoizko urtegiari dagokionez, oso datu eskasak erregistratu ditu. 237 hektometro kubiko ditu, % 53ko edukiera baitu beteta,2022ko maiatzean baino % 35,81 gutxiago.