Gizartea -
EUSKARA
"Mobilizazio soziala" eskatu du Kontseiluak, euskararen aurkako "olatu erreakzionario larria" salatzeko
Manifestazio baterako hitzordua jarri dute: azaroaren 4an, Bilbon. Hizkuntza-eskubideen alde dauden herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia, "euskararen biziberritze prozesua arriskuan" dagoela ohartaraziz. "Elkarrekin eragiteko ordua da, desadostasuna kalean erakustekoa", esan dute.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Ez dira sententzia isolatuak. "Joera bat" islatzen ari dira, "euskararen biziberritzea helburu duten neurrien aurka". Berriak ez izan arren, azken boladan areagotzen eta gordintzen ari dira, kopuruz zein edukiz. Euskararen normalizazio prozesua trabatzea bilatzen dute, eta "olatu erreakzionario, atzerakoi eta eskarafobo" baten estrategiaren baitan ulertu behar dira. "Oldarraldi judizial bat" dugu aurrean, Kontseiluaren ustez.
Azkenaldian euskararen kontrako epaiak areagotu direla ikusita egin du Euskalgintzaren Kontseiluak irakurketa hori. Bilbon egin du agerraldia, ehundik gora gizarte eragilerekin batera, eta ezeren gainetik "kezka" adierazi du Idurre Eskisabel aipatutako erakundeko idazkari nagusiak: auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioz, euskararen alde urte askoan egin den ahalegina arriskuan dagoela esan du. Hizkuntza-eskubideak bakarrik ez, "herritarren arteko berdintasuna, justizia eta kohesio soziala" kolokan daudela ohartarazi du, irakurri duen agirian —'Maiatzaren 10eko adierazpena' izena jarri diote—.
Agertoki horren aurrean, "mobilizazio soziala ezinbestekoa" dela adierazi du Eskisabelek, eta horretarako data jarri ere bai: azaroaren 4an, Bilbon. "Urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko ordua heldu da", Kontseiluaren iritzian, "desadostasuna kalean erakusteko ordua", alegia.
Protesta sei hilabete barrurako zergatik deitu duten ere argitu dute. Izan ere, batetik, euskararen kontrako epai gehiago espero dituzte, eta, bestetik, euskararen aldeko mobilizazioa hauteskunde testuingurutk kanpo kokatu nahi dute.
Horien atzean, Erandioko Udalarekin lotutakoarekin hasi eta Irungo Udaleko udaltzainen aferaraino, "premisa faltsu bat" dago guztiak harilkatzen, agerraldian salatu dutenez. "Lan-eskubideak eta hizkuntza-eskubideak" kontrajarri nahi dituzte, eskubide horiek "elkarren osagarri" izan arren.
Euskal Herritik kanpora ere, beste hizkuntza gutxituekin halako joerak errepikatzen ari direla gehitu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Bilboko Kafe Antzokian irakurri dute agiria, eta ondoren, handik gertu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian, argazkia atera dute eragile guztiek batera.