Gizartea -
Bizkaia
Lau pertsona atxilotu dituzte Bizkaian haur pornografia edukitzeagatik eta trukatzeagatik
Atxilotuetako batek 10.000 artxibo pedofilo baino gehiago zituen. Atxilotuak aske daude, epaiketaren zain.
Agentziak | EITB Media
Bilboko Polizia Nazionalak lau pertsona atxilotu ditu Bizkaian, adingabekoen galbideratze delitua egotzita, adingabeak eta babes berezia behar duten pertsona ezinduak erabiltzen dituen material pornografikoa edukitzearen eta banatzearen aurkako lau operazioren barruan.
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Bilboko Delinkuentzia Antolatuko Taldeko eta Ziberdelinkuentziako Unitate Zentraleko agenteek Bizkaiko etxebizitzetan eduki pedofiloa zuten artxibo informatikoak deskargatzen eta partekatzen ari zirela jakin zutenean hasi ziren ikerketak.
Lehen operazioa abenduan egin zuten Bilbon, eta susmagarriaren etxean sartu, miatu eta atxilotu ondoren, hiru telefono mugikor eta eduki pedofiloa zuten 10.000 bideo eta irudi fitxategi baino gehiago zituen mikro SD txartel bat atzeman zituzten, Facebook, Messenger, Viber, Telegram eta WhatsApp sare sozialen bidez partekatzekoak.
Bigarren esku hartzea Balmasedan izan zen, urtarrilean, eta ikertua atxilotu ondoren, etxea miatu zuten. Ikertzaileek hamar disko gogor eta zortzi mikro SD memoria txartel aurkitu zituzten, eta artxibo pornografikoak Emule eta Outorrent programen bidez deskargatzen zituela egiaztatu.
Hirugarren operazioa Bilbon egin zuten otsailean, eta, aurrekoetan bezala, ikertua atxilotu eta haren etxea miatu ondoren, 200 artxibo pedofilo zituen disko gogor bat konfiskatu zioten.
Azken esku hartzea apirilean izan zen, Erandion. Gizon bat atxilotu zuten, eta egiaztatu zuten 250 bideo artxibo baino gehiago zituela, eduki pedofilodunak, Emule eta Utorrent programen bidez deskargatu eta partekatzen zituenak. Horrenbestez, bi ordenagailu eramangarri eta mikro SD memoria txartel bat atzeman zizkioten.
Horregatik guztiagatik, atxilotuak eta gailu informatikoak guardiako epaitegien esku utzi zituzten. Egun, atxilotuak aske daude, epaiketaren zain.