Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Lezertuak proposatu du EAEn Arartekoak zigor ahalmena izatea, Nafarroan gertatzen den bezala

"Bertan, Legebiltzarrak aginte hori eman dio Arartekoari. Ikusiko dugu EAEn ere bide horri eusten dioten", esan du, "administrazioek kexak serio har ditzaten" bide aproposa dela iritzita.

Manuel Lezertua Arartekoa. Argazkia: Radio Euskadi
Manuel Lezertua Arartekoa
Manuel Lezertua Arartekoa. Argazkia: Radio Euskadi

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arartekoak 2022ko txostena aurkeztu zuen atzo, eta gaur Radio Euskadiko "Boulevard" saioan azaldu ditu iaz herritarrengandik jasotako kexen nondik norakoak. Halaber, begi onez jo du EAEn, Nafarroan bezala, Arartekoak zigor ahalmena izatea. "Bertan, Legebiltzarrak aginte hori eman dio Arartekoari. Ikusiko dugu EAEn ere bide horri eusten dioten", esan du, "administrazioek kexak serio har ditzaten" bide aproposa dela iritzita.

Osakidetzarekin lotutako aferen harira jasotako kexak hizpide, esan du "izugarri" igo direla. "Orain arte 100 bat kexa jasotzen genituen urtean, eta 2022an 307 izan ziren. Denetariko kexak ditugu; batzuk lehen arretarekin lotutakoak, beste batzuk atzerapenengatik jarritakoak... Anbulantzien gaiak, bigarren diagnostiko bat jasotzeko eskubideak edota atzerritik iritsitakoen egoerak ere kezka eta haserrea sortu dute", adierazi du.

Osasun gaiek guztiongan eragina dutela ere onartu du, "ondorioz, inpaktu soziala ikaragarria da". "Guk kexa horiek eta gure gomendioak helarazten dizkiogu osasun sailburu Gotzone Sagarduiri. Gertatzen ari denaren jakitun dira, beste bide batzuetatik ere heltzen zaielako informazioa. Horri aurre egiteko irtenbideak bilatzen ari dira, baina denbora beharko da emaitzak ikusteko", azpimarratu du. Egoera horren aurrean, baina, "jarrera proaktiboa" erakutsi du Sagarduik, Lezertuaren esanetan.

Amaieran, nabarmendu du nahiago izaten duela elkarrizketa lehenetsi, delituak seinalatzen hasi orduko. "Udalei ez ezik, Jaurlaritzari eta, neurri txikiagoan, aldundiei ere jakinarazi diegu delitua dela Arartekoari ez erantzutea. Kasu gehienak konponduta daude dagoeneko, baina oraindik ere bada erantzunik eman ez duen udalen bat edo beste. Lehenik eta behin, gogorarazten diegu delitua dela ez erantzutea. Bigarren pausoa da gertatutakoa txostenean jasotzea. Hirugarrenik, tokian tokiko agintariekin harremanetan jartzen gara. Hirugarren urrats horretan, kasu gehienak konpontzen dira, baina horrela gertatzen ez denean, salaketa jartzea da laugarren eta azken pausoa", bukatu du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Arartekoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak