Gizartea -
Bi urte indarrean
Eutanasia Legea gehien aplikatu den erkidegoen artean daude Euskadi eta Nafarroa
2022ko ekainera bitartean, 180 pertsonak erabili zuten eutanasiarako eskubidea Estatuan. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea plataformak aitortu duenez, ustez baino pertsona kopuru txikiagoa da. Eskatzaile gehienek esklerosia bezalako gaitz degeneratiboak zituzten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eutanasia Legea gehien aplikatu den erkidegoen artean daude Euskadi eta Nafarroa, Diputatuen Kongresuan onartu zutenetik bi urte igaro direnean, Javier Velasco Duintasunez Hiltzeko Eskubidea plataformako presidentearen arabera.
Euskadirekin batera, Katalunian, Kantabrian, Asturiasen eta Aragoin aplikatu dute gehienbat eutanasiarako legea; beste muturrean Madril eta Andaluzia daude, lege horiek gutxien aplikatzen dituen erkidegoak, alegia. Azken horretan oztopo anitz daude bereziki lehenengo eskaera aurkezteko baina, behin izapide hori gaindituta, Bermerako eta Ebaluaziorako Batzordeak azkar ebazten du.
Velascok deitoratu duenez, administrazioek ez dituzte datuak zabaltzen, baina aitortu du haiek aurreikusitako baino eutanasia eskatzaile kopuru txikiagoa izan dela. Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, 2022ko ekainera bitartean eutanasiarako eskubidea erabili zuten 180 pertsonak. Ordutik ez da kopurua berritu, baina plataformak uste du 300 bat izan daitezkeela dagoeneko.
"Uste genuen baino kopuru txikiagoa da", adierazi du Javier Velascok. Espainiar Estatuan eutanasiarako eskubidearen defentsa egiten lehen elkartea izan da Hiltzeko Eskubidea plataforma, eta herrialde nordikoetako datuetan oinarrituta egin zituzten estimazioak, han urteak daramatzalako eutanasiak legeztatuta.
Legea onartu aurretik, heriotzen % 2 inguru eutanasiagatik izango zirela uste zuten baina, egun, 1.000 heriotzetatik 1 bakarrik izaten da eutanasiagatik, "eta hori legea gehien aplikatzen duen erkidegoetan, bestetan kopurua hamar aldiz txikiagoa baita".
Patologia psikiatrikoak dituzten pertsonak
Eutanasia eskatzaileei dagokienez, esklerosia bezalako gaitz degeneratiboak zituzten gehienak (gaitz onkologikoak zituztenen gainetik).
Velascok txalotu duenez, gaitz mentalak dituzten pertsonak erabaki hori hartzeko gaitasuna ez duten "ideia faltsua" gainditu dugu dagoeneko, erkidego gehienetan, patologia psikiatrikoak zituzten eutanasia eskatzaileak izan direlako.
Osasun langileen kontzientzia-objekzioari buruz, Velascok adierazi du ez dela % 2ra iristen. "Gutxi batzuk dira, eta ez du arazorik suposatu", ondorioztatu du.