Gizartea -

Berdintasunerako bidean

Sektore feminizatuetako milaka emakumezko langile protagonista izango dira aurtengo M8an Euskadin

Adineko egoitzetako langileek, Osakidetzako garbitzaileek edo etxez etxeko laguntza zerbitzuko beharginek, besteak beste, hilabeteak daramatzate KPIren araberako soldatak eta hitzarmen berriak aldarrikatzen. Sektore maskulinizatu eta feminizatuen arteko soldata arrakala % 90era ere iris daiteke.

Osakidetzako garbitzaileak, borrokan, Bilbon. Argazkia: EITB MEDIA
Osakidetzako garbitzaileak, borrokan, Bilbon. Argazkia: EITB MEDIA
Osakidetzako garbitzaileak, borrokan, Bilbon. Argazkia: EITB MEDIA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoak 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunean protagonismo berezia izango dute Euskadin alor feminizatuetan lanean dabiltzan milaka emakumezko beharginek, hilabeteak daramatzatelako euren lan-hitzarmenaren berritzea eta KPIren araberako soldatak lortzeko borrokan.

Zaintza alorreko lanak dira gehienbat eta, pandemia garaian txalotuak izan baziren ere, orain gutxietsita sentitzen dira: Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileak, Osakidetzako garbiketa-langileak, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak, Bizkaiko eta Arabako zenbait merkatal-jardueretako langileak eta Gorabide bezalako erakundeetako langileak, besteak beste. Oro har, emakumezkoak dira gehienak, eta lan-gatazkak pil-pilean dituzte egun.

Erosteko ahalmenari eustea nahiz berreskuratzea (lan-hitzarmenak urteaz berritu gabe dituztelako) da emakumezko langile horien aldarrikapen nagusietako bat, eta horregatik mobilizatzen ari dira azken hilabeteetan EAEko kaleetan. Horrekin batera, lan-baldintza prekarioak ere salatu dituzte.

Nahia Fernandez ELA sindikatuko Genero arloko ordezkariak baieztatu duenez, lan-esparru feminizatuetan gatazka-maila "handiagoa da", eta sindikatuaren afiliatuen artean % 46 emakumezko dira, hortaz, horrek agerian utzi du "sektore prekarizatuenak antolatzen ari" direla.

Bestalde, Maddi Isasi LAB sindikatuko idazkari feministak gogora ekarri duenez, LABek berak egindako txosten batek plazaratu zuen alor maskulinizatuen eta feminizatuen arteko soldata arrakala % 90era iris daitekeela, emakumeek egindako lanak "gutxiago balio duelako".

Emakumezko beharginen lan-gatazkak

ADINEKOEN EGOITZAK

Bizkaiko adinetako egoitzetan 5.000 langile baino gehiago daude eta, ELA sindikatuak deituta, 29 greba-eguna daramatzate lan-hitzarmenaren berritzea eskatzeko. Azken hitzarmena 2017an sinatu zuten, 378 greba-egun egin ostean.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA

Alicia Graña CCOOko kidea eta Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langilea da. Zortzi urte daramatzate hitzarmena berritu gabe eta, hori salatzeko asmoz, joan den otsailaren 23an Bilboko udal bilkuran biluztu ziren emakumezko langileetako bat izan zen Alicia.

Adinekoak eta menpekotasunak dituzten pertsonak zaintzen duen zerbitzua da, eta ehunka greba-deialdi egin dituzte 2015az geroztik.

OSAKIDETZAKO GARBIKETA

Osakidetzako garbiketaz arduratzen diren azpikontraten emakumezko langileen artean haserrea da nagusi, joan den astelehenean Gurutzetako Ospitalean egindako protesta baten bitartean, Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ostean (horietako bat, UGTko ordezkari bat).

Lan-gatazka horrek 2.500 langileri eragiten die. Osakidetzako langileen lan-baldintzekin parekatzeko emandako konpromisoa bete gabe jarraitzen du Osasun Sailak.

GORABIDE

Desgaitasun intelektuala duten 5.000 pertsonekin lan egiten duen Gorabide Bizkaiko elkarteak 600 behargin inguru ditu, gehienak emakume. Urtebete daramate mobilizazioekin, eta greba-egunekin otsailaz geroztik, 2019an sinatutako lan-hitzarmen "justu" berri baten alde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna Lan gatazkak