Gizartea -

SEXU ABUSUAK ELIZA KATOLIKOAN

Bilboko Elizbarrutiak 32 espediente ireki ditu adingabeei egindako sexu abusuengatik; bederatzi, 2022an

Elizak egindako ikerketaren arabera, 16 apaiz izan dira erasotzaileak eta guztiak hilda daude. Gutxienez, 50-55 biktima inguru lirateke. Bilboko gotzainak barkamen eskari publikoa egingo du martxoaren 24an Bilboko katedralean.

Bizkaiko Elizbarrutiaren prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Bizkaiko Elizbarrutiaren prentsaurrekoa
Bizkaiko Elizbarrutiaren prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

1:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eliza Katolikoan adin txikikoen aurka gertatutako sexu abusuen harira, Bilboko Elizbarrutiak 32 espediente zabaldu ditu 2019. urtetik, horietatik bederatzi, iaz. 32 espediente horietan 16 apaizaren eta ordena erlijiosoetako kideak (irakasleak, katekistak edota boluntarioak) jasotzen dira. 16 horietatik 14 identifikatuta daude, eta guztiak hilda daude. 

Aztertutako kasu guztiak preskribatuta dauden arren, hiru kasu Fiskaltzaren esku utzi dituzte.

Bilboko Elizbarrutiak gaur goizean aurkeztu du adin txikikoen aurkako kasuen inguruan egin duen ikerketaren emaitza Bilbon, eta bertan hitz egin dute Carlos Olabarri batzordeko zuzendariak eta Gemma Escapa abokatuak.

Gutxienez, 50-55 biktima inguru lirateke. Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, ez da erraza jakitea zenbat biktima agertzen diren espediente bakoitzean. "Arruntena da espedientea bakoitzean biktima bat eta salatu bat egotea. Hori da normalena, baina ez da horrela kasu guztietan", gehitu du.

Eliza biktimekin harremanetan jarri da eta hiru eskari egin dituzte: errekonozimendua, halakorik berriro ez gertatzea eta Elizaren barkamena.

Elizbarrutiak aurkeztutako memorian leku berezia dute Bilboko Erruki etxeari eta Derioko seminarioari buruzko ikerketek. Lehenengo kasuan, 1961etik 1978ra bitarteko sexu abusuak jasotzen dira eta biktimek 10 eta 13 urte lituzkete. Derioko seminarioari dagokionez, 1953 eta 1970 urteen artean gertatu ziren sexu abusuen kasuak aztertu dituzte.

Carlos Olabarri, abusuen babeserako batzordeko zuzendariak barkamena eskatu du Elizaren izenean: "Bizkaiko Elizan egon diren abusuen aurrean kargua hartzen dugu, lotsa sentitzen dugu".

Halaber, esan du bi goiburu izan dituztela: batetik, biktimak lanaren erdian jartzea; bestetik, ez gorde, baina bai babestu.

Biktimak askoz ere gehiago direla jakinda, salaketa jartzeko deia egin die Carlos Olabarrik Elizaren barruan abusuak jasan dituzten pertsona guztiei. 

Bestalde, Joseba Segura Bilboko gotzainak barkamen eskari publikoa egingo du martxoaren 24an (18:00etan) Bilboko katedralean.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Sexu abusuak Eliza Katolikoan Vatikanoko azken ordukoa Nerabezaroa albisteak