Gizartea -

ARAUDI BERRIA

Arma zuriak oker erabiltzeagatik ezartzen diren zigorrak gogortzea adostu dute Jaurlaritzak eta udalek

Gaur sartuko da indarrean araudi berria. Besteak beste, isunen zenbatekoak handituko dira. 2022an, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 968 salaketa jarri zituzten baimendu gabeko egoeretan arma zuriak eramateagatik.

Artxiboko irudia
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arma zuria gaizki erabiltzeak 4.000 eurorainoko isuna izan dezake gaurtik EAEn. Pertsona bati diskoteka batean edo inguruan araututako labana bat atzematen bazaio, 2.000 euroko isuna jaso dezake. Horrez gainera, alkoholdun edarien eraginpean baldin badago, 3.000 eurora igo daiteke isuna, eta arma eskuan hartuko balu, 4.000 euro edo gehiagora, bere jokabideak herritarren segurtasunean izan dezakeen eraginaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta 50.000 biztanletik gorako udalek osatutako lantaldeak gaur onartutako araudi berriak izan ditzakeen ondorioen adibide batzuk baino ez dira. Arma zuriei eta objektu arriskutsuei buruz hitz egiteko elkartu da goizean lantalde hori, Erandion, eta tresna horiek oker erabiltzeagatik ezartzen diren zigorrak gogortzea adostu dute. Gaur bertan sartuko da indarrean neurri berria.

Batzarrean, herrietako udaltzaingoetako eta Ertzaintzako arduradunek azken hilabeotan konfiskatu dituzten arma eta objektuei buruzko informazioa aztertu dute. Behin-behineko datuen arabera, 2022an Ertzaintzak 440 salaketa jarri zituen baimendu gabeko egoeretan arma zuriak eramateagatik. Kopuru horri udaltzaingoena batuta — 528 salaketa—, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 968 salaketa jarri ziren iaz, 2019an baino % 19 gehiago.

Datuon aurrean, erakundeen arteko lantaldeak isunen zenbatekoa zorroztea erabaki du, betiere, Herritarren Segurtasunerako Legeak onartzen duen tartearen barruan. Neurria EAE osoan ezarriko da.

Hauek dira isunak:

-  Araudiaren arabera debekatutako arma bat eramatea: zigorra 900 eurokoa izatetik 1.500 eurokoa izatera pasatuko da.

-  Araututako arma eramatea, baina baimendu gabeko lekuan edo egoeran: isuna 602 eurokoa izatetik 1.000 eurokoa izatera pasatuko da.

-  Establezimendu publikoa, aisialdiko lokala edo jende asko dagoen lekua bada, % 100 igoko da.

-  Alkoholdun edarien edo drogen eraginpean badago, % 100 igoko da.

-  Pertsonak indarkeriazko portaera agertzen badu, % 100 igoko da.

-  Pertsonak arma eskuan hartzen badu edo armarekin mehatxatzen badu, % 100 igoko da.

-  Pertsonak arma axolagabekeriaz erabiltzen badu, % 100 igoko da.

-  Adingabekoek ezin dute arma zuririk eraman. Eramaten badute, arau-hauste larria izango da, eta gaur egun 100 eurotik 600 eurora arteko zigorra dena 300 eurotik 600 euro artekoa izatera pasatuko da.

Zer dio legeak arma zurien erabilerari buruz? Abokatu batek azalpenak eman dizkigu
Zer dio legeak arma zurien erabilerari buruz? Abokatu batek azalpenak eman dizkigu
Zer dio legeak arma zurien erabilerari buruz? Abokatu batek azalpenak eman dizkigu

2:33

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Istiluak Bilbon gaur Donostia Ertzaintza Herriak eta Hiriak Getxo bideoak Barakaldo Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Irun Albisteak Aisia albisteak EUDEL gaur Zehapenak Euskadin Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak bideoak