Gizartea -

Indarkeria matxistako biktimak

Indarkeria matxistaren aurkako hirugarren akordioa onartuko du gaur Gobernu Kontseiluak

2001ean eta 2009an sinatutakoak eguneratzen ditu. Indarkeria matxistako mota guztiak hartzen ditu kontuan, eta emakumeak, seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk ere hartzen ditu biktimatzat.

Artxiboko irudian, Gasteizen egindako elkarretaratze bat. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Gasteizen egindako elkarretaratze bat. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Gasteizen egindako elkarretaratze bat. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak indarkeria matxistaren biktimentzako arreta hobetzeko erakundeen arteko hirugarren akordioa onartuko du ostegun honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Ekitaldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek (Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Marke Olano), EUDELeko presidenteak (Gorka Urtaran),  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko ordezkari batek, Carmen Adanek (EAEko fiskal nagusia), Manuel Lezertua Arartekoak, Gerardo Lopezek (Legeriaren Euskal Kontseilua) eta Cosme Navedak (EAEko Medikuen Elkargoa) hartuko dute parte.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek nabarmendu zuenez, 2001ean eta 2009an sinatutakoak eguneratzen dituen akordio honek "argi" egiten du apustua "biktimen beharrak erdigunean kokatzeko", bigarren akordioa sinatu zenetik (alegia, 2009tik) izandako aldaketa normatibo, sozialak eta politikoak txertatzen ditu, "indarkeria matxista mota guztiak" hartzen ditu kontuan, eta emakumeak, seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk ere hartzen ditu biktimatzat.

Artolazabalek gogora ekarri zuen akordioa "tartean sartutako erakunde guztiek ordezkaritza duten Jarraipen Batzordean" onartu zutela.

"21 urte joan dira 2001ean erakundeen arteko lehen euskal akordioa sinatu zutenetik", zehaztu zuen; urte horietan, Artolazabalen esanetan, "lehen eta bigarren akordioek aurrerapen handia ekarri dute emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean euskal erakundeen erantzuna hobetze aldera".

Gizartea, baina, etengabe aldatzen da, "eta arau eta lege berriak onartu egiten dira, bai gurean baita nazioartean, eta gure erantzuna, hortaz, errealitate berrietara egokitzen da", azaldu zuen. Jarraian, erakundeen arteko hirugarren akordioaren gakoetako batzuk azaldu zituen.

Akordioaren gakoak

Koordinazio lehentasunen eta jarraibideen gaineko arlo berria txertatu dute akordioan, eta apustua da biktimen beharrak argi kokatzea erdigunea, erantzun integralago baterantz aurrera eginez, arlo bakoitzaren begirada partziala saihestuz (alegia, esaterako, osasunaren, poliziaren edo gizarte zerbitzuen arretarekin lotutako begirada saihestuz). 2009an bigarren akordioa sinatu zutenetik izandako aldaketa normatiboak, sozialak eta politikoak txertatu egin dituzte, eta indarkeria matxista mota guztiak ditu hizpide, hau da, ez soilik bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoa, familiaren barnekoa edo sexu indarkeria). Emakumeak, seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk ere hartzen ditu biktimatzat, testuinguru arauemaile berriarekin bat eginez.

Sailburuak azpimarratu zuenez, akordioan helburu espezifiko bat dago antzemate goiztiarraren gainean, arlo eta sistema guztietako proaktibitatea bultzatuz, eta erakunde sinatzaileen konpromisoak handitu egiten ditu, profesionalen prestakuntzarekin eta erantzunak jarraitu eta ebaluatzearekin lotuta. Horrek bat egiten du EAEko bigarren Berdintasun Legearekin.

Jarraipen Batzordearen eta Erakundeen Arteko Talde Teknikoaren zereginetako batzuk handitu egin dituzte, eta lurralde talde berriak sortuko dituzte; horrekin, 2001ean sinatutako lehen akordioak aurreikusitako erakundeen arteko koordinazioaren eredua indartuko dute. Halaber, noizean behin, Batzordean parte hartu ahalko dute, hitza dutela baina botorik emateko aukerarik gabe, zenbait adituk eta erakundeetako edo elkarteetako ordezkari batzuek, indarkeria matxistako biktimentzako arretan lan egiten duten profesional batzuek, alegia.

Gainera, hezkuntza, etxebizitza eta enplegu arloetarako jarraibide espezifikoak txertatu ditu testuak, sistema guztietako operadoreek jarraitu beharreko pautak argiago eta zehatzago ematen ditu, eta Jarduketa Koordinatuaren Protokoloa eguneratu ahal izatea aurreikusten du, beste akordio bat sinatzeko beharrik gabe.

"Esparru hitzarmena da hau, eta helburu bakoitza gauzatzeko behar diren tresnak baliatuz garatu beharko da", esan zuen Artolazabalek: "Aurrerapauso garrantzitsua izango da, bereziki, biktimen beharrak erdigunean kokatzeko; arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa erdietsiko dugu, eta berbiktimizatzea saihestuko dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Tratu txarrak gaur Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Sexu-abusuen biktimak gaur Eguneko albisteak Eguneko albisteak