Gizartea -
NEGUKO BIDEZAINTZA PLANA
Elurra kentzeko 205 makina eta 27.600 tona gatz, neguari aurre egiteko Euskadin
Aurtengo Neguko Bidezaintza Plana, halaber, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko 7 garabik, koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailuk eta Ertzaintzako lurralde unitateko patruilak osatuko dute.
A. S. | EITB MEDIA
Negua ate joka dugula, asteazken honetan Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du Jaurlaritzak. Hala, aurtengo neguan elurra kentzeko 205 makina, iaz baina 4 gehiago, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko 7 garabi eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailu arituko dira lanean.
Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila kopurua ertzain etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Gainera, 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun egongo dira eskuragarri.
Sonia Diaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera, aurrekoetan bezalaxe, aurten ere, plana partzialki aktibatu ahal izango da, elur kotaren eta prezipitazio bolumenaren arabera. "Zehazki, jarraipen eta informazio fasean aktibatuko da elur kota 1.000 metroko altuerara iristen denean, eta fase operatiboan, berriz, elur kota 700 metrora iristen denean eta prezipitazio bolumenak hala gomendatzen duenean", zehaztu du.
Iazko neguan, sei bider jarri zen abian Neguko Bidezaintza Plana; izan ere, eguraldi txarra dela eta, kontu handiz ibili behar da errepidean neguko hilabeteetan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gidatze aholku batzuk ere zerrendatu ditu:
Zer egin euria edo elurra egiten duenean?
- Abiadura moteldu eta segurtasun distantzia handitu.
- Pneumatikoak berrikusi eta negukoak erabili, ahal izatera.
- Beira garbigailuen eskuilak berrikusi, errepidea ondo ikusteko.
- Izotz egunetan are arreta handiagoz gidatu.
- Bat-bateko balaztadak saihestu.
- Elurretan, autoa oso poliki abiarazi.