Gizartea -
Baso sute arriskua
Barbakoak piztea eta uztondoak erretzea, debekatuta Euskadin sute arrisku handiagatik
Jaurlaritzak murrizketak eta debekuak ezarri ditu, EAE alerta laranjan baitago baso sute arriskuagatik. Segur aski, igandera arte izango dira indarrean neurriak.
EITB Media
Barbakoak piztea, uztondoak erretzea eta sute arriskua ekar dezakeen beste edozein jarduera debekatuta dago Euskadin ostegunetik, baso sute arriskua handia baita.
Euskal Autonomia Erkidegoa beste beroaldi baten eragipean dago udazken betean gauden arren. Horren ildotik, tenperaturak 30 ºC artekoak izango dira, eta alerta laranja aktibatu dute sute arriskua handia delako.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak murrizketak eta debekuak ezarri ditu, uztaileko bero boladen aurrean egin bezala.
Neurriak kostaldean (Bizkaia eta Gipuzkoa) eta kantabriar isurialdeko barnealdean (Aiaraldea, Araba eta Bizkaia arteko mugan) izango dira indarrean, Gasteizko Gobernuak horiek indargabetzea erabaki arte. Segur aski, igandera arte izango da.
Joan den asteburuan, sute bat piztu zen Bizkaian, eta 500dik gora hektarea erre zituen Balmasedan, Gordexolan eta Zallan, astearte iluntzean itzali zuten arte. Gainera, sugarrak Burgosera ere hedatu ziren.
Ostiral honetan, berriz, suteak piztu dira Berangon eta Zugaztietan.
Debekatuta egongo diren jarduerak:
- Sua edonola erabiltzea edo sua piztea ekar dezakeen edozein ekintza, hala nola nekazaritza- edo baso-inguruetan makinak erabiltzea.
- Su artifizialak, petardoak eta barbakoak, hirigunetan barne, betiere zuhaitzak, zuhaixkak edo baratzeak dauden inguruetatik 300 metrora.
- Uztondoak erretzea.
- Sua sor dezakeen edozein objektu jaurtitzea edo abandonatzea.
Jaurlaritzaren esanetan, murrizketok urratzea "larria" edo "oso larria" izan daiteke, eta, horregatik, 1.501 eta 30.001 euro arteko isunak aurreikusi dituzte.