Gizartea -

HEZKUNTZA LEGE BERRIA

Hezkuntza Plazara ekimenak "etsipena eta kezka" agertu ditu Euskal Hezkuntza Legearen zirriborroarekiko

EAEko Hezkuntza Sistema arautuko lukeen zirriborroari "zehaztasuna eta anbizioa" falta zaizkiola uste dute eta herritarrei eskatu diete mobiliza daitezela hezkuntza akordio on baten alde.

Gaurko agerraldia, EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.
Gaurko agerraldia, EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.
Gaurko agerraldia, EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken 40 urtean Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean egon den Hezkuntza Lege orokorra ordezkatuko duen lege berriaren aurreproiektuak zeresana ematen jarraitzen du. Euskal Eskola Publikoaz harro plataformak, Kontseiluak, Ikastolen Elkarteeek, sindikatuek zein bestelako hainbat eragilek zalantzan jarri dute irailean aurkeztutako zirriborroa. Atzo bertan, ELAk, LABek eta Steilasek grebara deitu zuten, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa arbuiatzeko eta Podemos Ahal duguren babesa jaso zuen deialdiak.

Gaur, Hezkuntza Plazara ekimenak "etsipena eta kezka" agertu ditu Hezkuntza legerako lehen zirriborroarekiko eta lege on bat lortzeko "herri bultzada sendo bat eraikitzeko sugar bilakatu beharra" dagoela adierazi dute Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian.

Hezkuntza akordioaren fasea adostasun politiko zabalez itxi zela apirilean gogoratu dute, baina irailean argitaratu den lehen zirriborroaren edukia ikusita, ekimeneko bozeramaileek uste dute akordioaren oinarrizko elementuak "desagertu eta desitxuratu" egin direla. Era berean, zirriborroari "zehaztasuna eta anbizioa" falta zaizkiola uste dute.

Iraileko dokumentuak ez ditu euren hitzetan nahikoa baliabide jastotzen, ezta ebaluazio zein zuzenketa neurririk ere. Halaber, EAEreko Legea dela jakin arren, Euskal Herri guztia kontuan hartu beharko lukeela uste dute, eremu administratibo ezberdinen arteko elkarlanerako atea irekita utziz.

Ikasle guztiak euskaraz B2 maila lortzeari buruz, helburu egokia dela esan dute baina zirriborroak ez dituelako horretarako baliabideak zehazten kritikatu dute.

2020an aurkeztu zen Hezkuntza Plazara ekimena Hernanin, 16 urte lehenago onartu zen Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa delakoa berritzeko helburuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Hezkuntza legea berriak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024