Gizartea -
LEHORTEA ETA URAREN KUDEAKETA
Nafarroako Erriberan eta Erroibarren ura kontsumitzeko murrizketekin jarraitzen dute
Aguas del Moncayo Mankomunitateak parke eta lorategiak ureztatzea debekatu zuen uztailaren 22an eta igerilekuetako kontsumoa ahal den gehien mugatzeko agindu zuen. Mezkiritzen, Bizkarretan eta Lintzoainen (Erroibar), debekatuta dago parke eta baratzeak ureztatzea.
EITB MEDIA
Uztaila benetan bero joan da Nafarroan eta oso euri gutxi egin du. Gauzak horrela, lehor daude bai bazterrak baita urtegiak ere eta arazoak izaten ari dira uraren kontsumoan hainbat ingurutan.
Erriberan, adibidez, parke eta lorategiak ureztatzea debekatu zuen Aguas del Moncayo Mankomunitateak uztailaren 22an eta igerilekuetako kontsumoa ahal den gehiena mugatzeko agindu zuen. Gainera, Mankomunitatea osatzen duten udalei (Ablitas, Barillas, Buñuel, Corella, Monteagudo, Murchante, Ribaforada eta Tulebras) eskatu die kanpainak egin ditzatela herritarrak kontzientziatzeko ura behar-beharrezkoa denean bakarrik erabil dezaten.
Agindua eman eta 15 egunera, egoerak berdina edo okerragoa izatean jarraitzen du eta datozen egunotako iragarpen meteorologikoak ikusita, Mankomunitateak ez ditu baztertzen "murrizketa gogorragoak eta eranginkorragoak" .
Nafarroako pirinioetan ere arazoak izaten ari dira ur falta dela eta. Erroibarren, neurri gogorrak ezarri dituzte Mezkiritzen, Bizkarreta-Gerendiainen eta Lintzoainen. Uztailaren 18tik debekatuta dago baratzeak eta lorategiak ureztatzea kontrakorik esaten ez den bitartean. Gainera, ur mozketak izaten ari dira gauetan.
Ipar partean, berriz, Beran, Udalak antzeko murrizketak ezarri ditu: ezin da sare publikoko ura erabil autoa garbitzeko, eta gasolindegietako garbiketa guneak ere ez. Ezin da mangera eta balde bidez kalerik, terrazarik eta antzekorik garbitu eta ezin da igerileku pribatuetako ura berritu ere. Gainera, baratzeak tentuz ureztatzeko eskatu da.