Gizartea -

OSAKIDETZA

Medikuen ospe-galtzea eragiteko Eusko Jaurlaritzaren kanpaina dagoela salatu du Euskadiko Medikuen Sindikatuak

Kolektiboak harridura eta haserrea erakutsi ditu Osasun sailburuak Lehen Arretan iragarri dituen aldaketen harira.

Lehen Arretaren alde Gasteizen egindako protesta bateko irudia. Artxiboko irudia: EITB Media
Lehen Arretaren alde Gasteizen egindako protesta bateko irudia
Lehen Arretaren alde Gasteizen egindako protesta bateko irudia. Artxiboko irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Osakidetzak Lehen Arretan egingo dituen aldaketak iragarri ondoren, Euskadiko Medikuen Sindikatuak bere harridura eta haserrea erakutsi ditu. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak osasun profesionalen ospe eta izen galtzea eragiteko kanpaina abiatu duela salatu du.

Lehen Arretan egingo den berrantolaketaren arabera, Gotzone Sagarduik adierazi du askotan beharrezkoa izango da leku batetik bestera mugitzea "prozesu jakin batzuetan arreta jasotzeko". Gaineratu duenez, medikuen faltan, litekeena da oporraldietan hainbat anbulategi ixtea edota gaixoak erizainek artatu behar izatea. Aldaketa horiek guztiak profesional eskasiari egotzi dio Osasun sailburuak.

Susana Martin Lehen Mailako Arretako zuzendariordeak astelehen honetan Legebiltzarreko Osasun Batzordean aitortu zuen garai nahasiak bizi dituela Lehen Mailako Arretak, eta familia medikuak eta pediatrak falta direla. Horren esanetan, pediatriarako eskaintza telematikoan eskaini diren 30 plazetatik 10 baino ez dira bete. Helduentzako arretaren kasuan, 116 plaza eskaintzen ziren, eta horietatik 65 bete dira.

Medikuen sindikatuen arabera, Lehen Arretako langileen lan baldintzak "oso txarrak" dira, eta zentro gehienetan, sistematikoki, bi edo hiru mediku gutxiago daude. Ildo horretan, Lehen Arretaren egoera Osakidetzaren kudeaketa eta plangintza txarraren errua dela azpimarratu du. 

Etorkizunera begira Euskadiko Medikuen Sindikatuaren aurreikuspenak ez dira askoz hobeak: "5 urteko epean 500 mediku inguru erretiratuko baitira Lehen Mailako Arretan". Hori guztia dela eta, Osakidetzari eskatu dio "jarrera nagia" alde batera uzteko, eta neurri aringarriak aplikatu beharrean kalitatezko arreta bermatzeko irtenbideak bilatzen ahalegintzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Medikuak Anbulatorioak albisteak