Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Ortuellan, emakume bati sexu erasoa egiteagatik
Ondorengo orduetan eramango dute atxilotua epailearen aurrera. Jendetza agertu da Udalak deitutako elkarretaratzera, biktimari elkartasuna adieraztera. Txosna guztiak itxita egongo dira asteburuan, protesta gisa, eta programatuta zeuden ekitaldiak ez dira egingo.
EITB MEDIA
Gizonezko bat atxilotu dute azken orduetan Ortuellan, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Herriko jaiak ospatzen ari dira egunotan Ortuellan eta festagunean gertatu da erasoa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 02:00ak aldera deia jaso dute 112 SOS Deiak zerbitzuan, emakume batek festagunean sexu erasoa jasan duela salatuz.
Bertara joandako agenteek biktimarekin kontaktatu eta gertatuaren berri izan bezain pronto, erasotzailea aurkitzeko bilaketa jarri dute abian, Udaltzaingoarekin batera. Festagunean bertan aurkitu dute ustezko erasotzailea, eta identifikatu ostean, atxilotu egin dute sexu erasoa leporatuta.
Komisarian dago une honetan eta epailearen aurrera eramango dute hurrengo orduetan.
Jendetza izan da arratsaldeko protestan
Ortuellako Udalak gaitzespen oharra kaleratu du eta elkarretaratzea deitu du 18:00etarako, Otxartaga plazan. Jendetza bildu da protestan, erasoagatik oso haserre daudela adierazteko eta biktimari babesa emateko.
"Ez dago eskubiderik, ezin da horrelakorik gertatzea onartu, ez hemen ez inon" esan du Saulo Nebreda herriko alkateak salatu duenez.
Txosnen Batzordetik oharra irakurri dute elkarretaratzean, erasoa salatuz eta jakinarazi dute txosnak ixtea erabaki dutela asteburu honetan, protesta gisa. Gainera, ez dute antolatuta zegoen ekitaldirik egingo. "Nazkatuta gaude, espazio hauek seguruak izan behar dute pertsona guztientzat, eta guztion ardura da hori bermatzea" aldarrikatu dute, biktimari babes sakonena adierazten zioten bitartean.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek "eraso matxistak" amaitzea eskatu du sare sozialetan, eta Eusko Jaurlaritzaren elkartasuna eta babesa helarazi dizkio biktimari. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere elkarretaratzean izan da.