Gizartea -

bizkaia

Bost adingabe eta gazte bat atxilotu dituzte Bilbon, zenbait lepoko tiraka lapurtzeagatik

Ertzaintzak 17 urteko bost adingabe eta 18 urteko gazte bat atxilotu ditu, aste honetan Bizkaiko hiriburuan izandako zenbait lapurreta bortitzetan nahasita egoteagatik.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 17 urteko bost adingabe eta 18 urteko gazte bat atxilotu ditu azken orduetan, ustez zenbait urrezko eta zilarrezko kate tiraka eta bortizki lapurtzeagatik. Adingabeak euren tutore legalen eskura ipini dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, lehen gertakaria osteguneko 15:30ak aldera izan zen, Bilboko Alde Zaharrean.

Biktimak, beste hainbat kiderekin batera ikasbidaian zegoen adingabeko turista frantziar batek jakinarazi zuenez, hiru gazte hurreratu zitzaizkion. Hala, horietako bik distraitu bitartean, hirugarren bat atzetik oldartu zitzaion eta bularrean kolpatu zuen, lepoan zeraman urrezko katea bortizki erauzi ziolarik.

Lapurrak ihesean atera ziren, baina zenbait minutu beranduago Ertzaintzaren patruila batek horietako bi aurkitu zituen, lekukoen deskribapenari esker. Atxilotuak, 17 eta 18 urtekoak, polizia-etxera eraman zituzten eta, eginbideak burututa, adingabea bere tutore legalaren esku ipini zuten.

Bestalde, ostiral goizaldean, 112 SOS Deiak zenbakiak beste biktima baten deia jaso zuen, Bilboko Abando auzotik zebilela lepokotik tiraka egin ziotela esanez. 17 urteko salatzaile horri ere hiru gazte hurbildu zitzaizkion eta, "zentzugabeko" elkarrizketa baten ostean, lepoan zeraman urrezko katea erauzteko asmoz oldartu zitzaizkion.

Ertzaintzaren patruila bat babes zibil lanak egiten ari zen inguruetan, emandako ezaugarri fisikoekin eta janzkerarekin bat zetozen bi gazte aurkitu zituenean. Biktimak haiek zirela frogatu ostean, lapurreta bortitzagatik atxilotu zituzten.

Ezaugarri horietako azken delituzko ekintza ostiral gauean izan zen, Bizkaiko hiruburuko Alde Zaharrean. Bi gazte hurbildu zitzaizkion 19 urteko biktimari eta, horietako batek elkarrizketa hutsal batekin entrenitu bitartean, besteak bularra kolpatu zion, eta zilarrezko katea kendu.

Harrapatutako ondasuna lortuta, gizabanakoek ihes egin zuten, baina zenbait minutu beranduago gertakarien tokitik hurbil harrapatu zituen Ertzaintzaren patruila batek. Horietako batek lapurtutako katearen ezaugarriekin bat zetorren katea zeramala ikusita, atxilotu egin zituzten.

Atxilotuak, 17 urteko bi adingabe, polizia-etxera eraman zituzten eta euren tutore legalen esku ipini zituzten, adingabeen fiskaltza gertatutakoaz ohartarazi ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bilbon? Ertzaintza Euskal herriak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Lapurretak albisteak