Gizartea -
LGTBI+
LGTBI+ kolektiboan kezka areagotzen ari da gizon homosexualen ustezko hilketengatik
LGTBI mugimenduak arduraz jokatzeko eskatu die komunikabideei eta herritarrei, Bilbon izandako heriotzek eragin duten "alarma soziala" areagotu ez dadin. Hala, biktimak homosexualak direla ez aipatzeko deia egin dute, LGTBI kolektiboaren estigmatizazioa elikatzea ekiditeko.
EITB MEDIA
Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko Behatokiak, Estatuko Trans Plataformak eta Kataluniako Homofobiaren Kontrako Behatokiak ohar bateratua argitaratu dute, gizon homosexualen ustezko hilketengatik. "Erabateko gaitzespena" adierazteaz gain, kezka ere agertu dute.
Erakunde horietatik azaldu dutenez, pertsona orok bere sexualitatea adierazteko erabateko askatasuna izan behar du, "inolako diskriminazio edota erasorik jasateko arriskurik gabe".
Halaber, uste dute ezin direla birbiktimizatu eta ezin zaiela gertatutakoaren errua bota. Gaineratu dutenez, garrantzitsua da elkar babesteko eta zaintzeko erantzun kolektiboak ematea eta aplikazioen bitartez hitzorduak egiten dituztenentzat gomendio zerrenda bat egitea.
Bestalde, Bilbao Bizkaia HARRO elkarteak arduraz jokatzeko eskatu die komunikabideei eta herritarrei, aipatu gertakariek eragin duten "alarma soziala" areagotu ez dadin. Hala, biktimak homosexualak direla ez aipatzeko deia egin dute, LGTBI kolektiboaren estigmatizazioa elikatzea ekiditeko.
Ohar batean, "kezkatuta" daudela onartu dute eta erantsi dute espero dutela laster atxilotuko dutela ustezko hiltzailea.
Halaber, biktimen senideei bere babesa agertu die elkarteak, baina Poliziaren ikerketa amaitu eta dena argitu arte adierazpen publikorik egingo ez dutela zehaztu dute.
Bestalde, hildakoen hurbileko pertsonei laguntzea eskatu dute. Horrez gain, ikerketa zorrotza egitea eta LGTBI+fobiari aurre egiteko politika publiko eraginkorrak galdegin dituzte.
Ertzaintza 20 eta 30 urte bitarteko gizon baten bila ari da, iazko iraila eta urria bitartean Bilbon hil ziren lau gizonen heriotzarekin zerikusia duelakoan.
Horrez gain, Bilbon izandako beste heriotza susmagarri batzuk ikertzen ari da Ertzaintza.