Gizartea -
2022-23 ikasturtea
Hezkuntza Sailak konpetentzietan oinarritutako curriculumak ezarriko ditu maila bakoitietan
Konpetentzien araberako ikaskuntza ez da berria, baina nabarmen indartuko dute. Datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako 1. 3. eta 5. mailetan, DBHko 1. eta 3. mailetan, eta Batxilergoko lehen mailan ezarriko dute, eta hurrengoan, denera zabaldu. Batxilergoan hautazko ikasgai gehiago izango dira.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ikasturte berriak (2022-2023) aldaketak ekarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetara LOMLOE legea (Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma) tarteko. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur aurkeztu ditu datorren ikasturterako curriculumak: konpetentzien araberako ikaskuntza izango dute oinarri, eta etapa bakoitzeko maila bakoitietan ezarriko dute aurrena, hots, Lehen Hezkuntzako (LH) 1. 3. eta 5. mailetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. eta 3. mailetan, eta Batxilergoko lehen mailan. Asmoa da 2023-24 ikasturtean denera zabaltzea.
Metodoa ez da berria, 2015etik lantzen baita EAEko hezkuntza sisteman. Ikuspegi horrek ikasturte bakoitzean lantzen diren arloak edo ikasgaiak elkarrekin lotzen ditu. Irakasgaiak batera eta diziplinartekotasunez lantzea dakar, ikuspegi globalarekin; eredu praktikoago baten eta prestakuntza-ebaluazio baten aldeko apustua egiten da. Hezkuntzaren proposamenaren helburua da ikasleak gaitasun sozialak, pertsonalak eta akademikoak batzea.
Bildarratzen Sailetik defendatzen dutenez, ikasgaiz ikasgai barik, konpetentzia edo arloka lan eginda, ikasgai ezberdinetan ikasitakoak batera aplikatu behar ditu proiektu edo arazo bat konpontzeko, bizitza errealean bezala.
Ebaluazio jarraitua
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak Bilbon aurkeztu ditu curriculum berriak. Pedrosak Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariarekin batera egindako prentsaurreko batean azaldu duenez, "berritasun nagusia" ikasleak bereganatutako konpetentziak izango dira, "kalifikazioa gora kalifikazioa behera, ikasleak konpetentziak dituen ala ez ebaluatzea izango da".
Pedrosaren hitzetan, ebaluazioa jarraitua da, eta beste gauza bat da "une jakin batean zenbaki edo hitz batekin jarritako kalifikazioa". Era berean, argitu du familiei ikaslearen bilakaeraren "informazio kualitatiboagoa" emango zaiela.
Batxilergoan USErako notei eutsiko zaie, baita unibertsitateko sarbiderakoei ere.
Bada aldaketa gehiago: "Balio zibikoak eta etikoak" ikasgaia emango dute LHko 6. mailan eta DBHko lehen mailan, eta "Natura, gizarte eta kultura-ingurunea ezagutzea" ikasgaia sortuko da, Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak uztartuta. DBHko 1. eta 2. mailetan Natur zientziak ikasgaia emango da (Biologia, Geologia, Fisika eta Kimika hartuko ditu). Era berean, etapa batetik besterako trantsizioa zainduko dute.
Halaber, aukerako ikasgaien eskaintza zabalduko dute DBHn eta Batxilergoan. Besteak beste, honakoak hautatu ahalko dituzte Batxilergoan: atzerriko bigarren hizkuntza, Euskal Herriaren historia, Anatomia aplikatua, Argazkilaritza, Pintura, Laborategiko teknikak, Antropologia soziala, edo Atzerriko hizkuntzan ahozko komunikazioa…
Dena dela, Batxilergoko berrikuntza handiena eskainiko diren modalitate kopuruan egongo da. Ohikoez gain (Zientzia eta Teknologia; Giza eta Gizarte Zientziak eta Arteak —eta horren barruan bi adar: Arte Plastikoak; Musika / Arte Eszenikoak—, laugarren bat sortuko dute: Batxiler Orokorra. Ikasketak amaituta zein bide jarraitu nahi duten ez dakiten ikasleei zuzenduko diete modalitate hori. Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariaren hitzetan "Batxilergo orokor hori ez da espezializatzen zientzietan edo letretan, eta tarteko zerbait eskaintzen du. Ez du ixten unibertsitateko bidea, ez du ixten Lanbide Heziketako bidea, eta zabalago egiten du aukeraketa hori eta hobeto egokitzen da hainbat ikasleren profilari". Azkenik, tutorearen papera berreskuratuko dute etapa honetan.