Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Hezkuntzako akordioa "herri proiektu" baterako lehenengo pausoa dela nabarmendu du Bildarratzek

Hezkuntza sailburua Estonia eta Finlandiako Hezkuntza sistemak ezagutzen ari da, eta herrialde horietako eskolen autonomia eta irakasleen profila eta formakuntza azpimarratu ditu.

Bildarratz, Radio Euskadin. Artxiboko argazkia: EITB Media
Bildarratz, Radio Euskadin.
Bildarratz, Radio Euskadin. Artxiboko argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarreko talde gehienen artean lortutako akordioa hurrengo Hezkuntza Legerako "lehenengo pausoa" izatea eta, batez ere, "gure gazteen etorkizunerako" urratsak eta irizpideak ezarriko dituen "herri proiektu bat" izatea nahi du. "Eskertzekoak dira guztiok izan ditugun eskuzabaltasuna eta etorkizun-sena, eta guztion arteko akordiorako amore eman ahal izatea", esan du.

Estoniako eta Finlandiako Hezkuntza sistemak ezagutzen ari da sailburua, bertatik bertara, eta Eskandinaviako herrialdetik Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, bertako ikastetxeek langileak kontratatzeko duten "autonomia handia" eta irakasleen profila eta formakuntza azpimarratu ditu.

Bildarratzek azaldu duenez, Finlandian Hezkuntza ikasi nahi dutenen artean soilik % 10k lortzen dute fakultatetan sartzea, eta Estonian ibilbide profesional osoan zehar formakuntza jasotzen dute irakasleek, horretarako soldataren % 2 bideratuta. Sailburuak udalen papera ere nabarmendu du, horretarako eskuduntzak dituzte eta.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk hitzartutako akordioan segregazioaren kontrako borroka dago. Bildarratzen arabera, "datorren urterako segregazioaren kontrako eta ekitatearen aldeko oinarrizko dokumentu bat izango dugu", horren gainean ez bakarrik eskoletan, baizik eta esparru guztietan", lan egiteko.

Ikasleen zaurgarritasunaz, baliabide ekonomikoen faltagatik zein beharrizan desberdinengatik, "ikastetxe guztiak arduratuko dira, publiko zein itunpeko izan". "Euskal Hezkuntza Sistemak modu berean erantzungo die zaurgarritasunei", esan du.

Azkenik, Hezkuntzako sindikatuek bertan behera utzi duten greba deialdiari dagokionez, Bildarratzek "lasaitasuna, lankidetza eta elkarrizketa" eskatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza