Gizartea -
Ukrainako gerra
Hasi dira ukrainar errefuxiatuak Euskadira heltzen, "banan-banan"
Hasiera bateko arretarako 150 gune egokitu dituzte Ukrainatik iritsitako pertsonentzat. Bestalde, euskal erakundeak lanean dabiltza errefuxiatuei egoitza non eman diezaieketen aztertzen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek baieztatu du jadanik hasi direla Euskadira lehen erruxiatu ukrainarrak heltzen. Horren aurrean, erkidegoetako agintariei eskatu die korridore humanitarioak ezartzeko, gerratik alde egiten ari diren pertsonak "erraz" hartu ahal izateko.
Ildo horretan, gogora ekarri du hasiera bateko arretarako 150 gune egokitu dituztela Ukrainatik iritsitako pertsonentzat. Bestalde, euskal erakundeak lanean dabiltza errefuxiatuei egoitza non eman diezaieketen aztertzen.
Espainiako Gobernuak erkidegoka errefuxiatuen banaketa egin bitartean, sailburuak azaldu du "banan-banan" heldu direla lehen errefuxiatuak Euskadira.
Era berean, eskerrak eman dizkie euskal herritarrei, erakutsitako elkartasunagatik. Izan ere, asko dira Eusko Jaurlaritzak zabaldutako errefuxiatuak@euskadi.eus helbidearen bidez beren etxebizitzak eskaini dituzten pertsonak.
"Interes horrek erakusten du Ukrainan egindako inbasioak euskal gizartearen elkartasuna ernatu duela". Hori horrela, eLankidetza webgunean ukrainarrei laguntza emateko jarraibideak ezarri dituzte, Jaurlaritzak ohar batean jakitra eman duenez.