Gizartea -

Kondena

Gizon bat kondenatu dute titulurik gabe diagnostikatu eta tratamenduak proposatzeagatik Nafarroan

Iruñeko Zigor arloko 4. Epaitegiak 1.080 euroko isuna ordaintzera eta konfiskaturiko materiala suntsitzera kondenatu du. Gutxienez 2004tik zeraman pazienteak diagnostikatzen eta tratatzen.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Zigor arloko 4. Epaitegiak 83 urteko gizon bat kondenatu du laneko intrusismo delitu batengatik, "hainbat pertsonari gaixotasun edo minak diagnostikatu eta tratamendua proposatzeagatik". Kondenatuak ez zuen Medikuntzan jarduteko titulu ofizialik.

Epaiketa otsailaren 14an egin zuten, eta Nafarroako Medikuen Elkargoa akusazio partikular gisa aritu zen bertan. Epaiak 1.080 euroko isuna ordaintzera eta kasuan konfiskatutako materiala suntsitzera behartu du kondenatua. Erabakia irmoa da, eta ez dago horren kontra errekurtso arruntik aurkezterik.

Horren arabera, kondenatuak gutxienez 2004tik zeraman pazienteak diagnostikatzen eta tratamenduak proposatzen. Gizonak irisa esploratzeko teknika erabiltzen zuen, "komunitate zientifikoak onartzen edo bermatzen" ez duena.

Epaitutako gertakariak 2018ko apirilekoak dira, orduan eman baitzien mediku batek bere nagusiei akusatuak egindako ekintzen berri. Hainbat krema-pote konfiskatu eta zigilatu zituzten, eta, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak aztertuta, "kortikoide topikoa zuten, propietate antiinflamatorio, animikotiko, antiprofileratibo eta immunosupresorea dituena". Epaiaren arabera, "medikuen kontrolik gabe" aplikatuz gero, "osasunerako arriskutsua" izan daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasunari buruzko albisteak Iruñea Nafarroako albisteak Tutera berriak Delituak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Medikuen albisteak Isunak gaur