Gizartea -
Euskadi Irratia
Sagardui: "Susperraldi baten aurrean gaude, itxaropenez begiratzen diot etorkizunari"
Dena dela, zuhurtzia mantentzeko deia egin du Osasun sailburuak eta inauteriak bezalako ekitaldiak egoerara "egokitzeko" gomendatu du. Hilaren 28rako deituta dagoen grebari buruz, "lanerako garaia" dela azpimarratu du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Osasun larrialdia bertan behera geratu den honetan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua "itxaropentsu" agertu da pandemiaren egoeraren aurrean, eta aitortu du "susperraldi baten aurrean" gaudela, hori bai, "zuhurtzia galdu barik", ohartarazi du.
Horren harira, ate-joka ditugun inauteriak nola ospatu behar diren galdetuta, egoerara "egokitzeko" gomendatu du sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.
Osakidetzako gehiengo sindikalak otsailaren amaierarako deitu duen greba ere izan du hizpide Sagarduik. Nabarmendu duenez, ulertzen du "hobetzeko gauzak" egon daitezkeela, eta "hobetzeko prest" agertu da. Nolanahi ere, horren ustez, "ez da grebarako garaia, lanerako garaia da". Hala, ukatu du Osasun Sailak murrizketak egin izana, eta hainbat datu eman ditu hori babesteko. Horren hitzetan, iazko abenduaren eta urtarrilaren artean 45.000 langile kontratatu dituzte, eta Osakidetzari bideratutako 3 eurotik 2 langileriari zuzendutakoak dira.
Osasun Sailak hartu berri dituen eta polemika eragin duten bi neurriri buruz ere galdetu diote. Batetik, Basurtu Ospitaleko kardiologia ebakuntzak Gurutzetakoan egitea; eta, bestetik, Arabako larrialdiak Txagorritxun "zentralizatzea". Lehenengoa ahotan, "antolaketa neurri bat" baino ez dela esan du Sagarduik. "Basurtuko kardiologoek informazioaren zati bat baino ez dute eman. Horrek asko tristetu nau. Basurtuk proiektua dauka, oso indartsua, baina ez dute kontatu bere osotasunean", deitoratu du.
Larrialdiak Txagorritxuko Ospitalera bideratzeaz, "oso balorazio ona" egin du. Horren arabera, "joan den astean 2.800 larrialdi izan genituen Txagorritxun, eta 670, Santiagon. Beste enfoke bat da, kaleratu dutena da Santiagoko larrialdiak itxi egin ditugula, baina ez da ezertxo ere kendu, berrantolaketa bat izan da".