Gizartea -
Inauteriak
Inauteriak norberak bere herrian ospatzeko deia egin du Tolosako alkateak
Aurten Tolosan inauteriak ospatuko direla baieztatu du Olatz Peon alkateak, baina onartu du segur aski neurriren bat hartu beharko dela. Datorren astelehenean Udalak eta eragileek egingo duten bileraren ondoren iragarriko dute inauterietako egitaraua.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Azkenean aurten Tolosan inauteriak ospatuko direla baieztatu berritan, Olatz Peon alkateak egun horietan herrira ez gerturatzeko eskatu die bisitariei: "Aurten bakoitzak bere herrian ospatu ditzala inauteriak eta beste urte batean elkartuko gara", gaineratu du.
Horrela mintzatu da Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Inauteriak ospatuko direla, bai, baina segur aski neurriren bat hartu beharko dela adierazi du.
Olatz Peonen esanetan, egoera ez da beste urte batzuetakoa, baina ezta atzokoa edo iazkoa ere. "Tolosak inauterietako emozioak sentitu behar ditu, herri gisa batzen gaituen festa baita", azpimarratu du.
Datorren astelehenean Udalak eta eragileek egingo duten bileraren ondotik iragarriko dute inauterietako egitaraua.
Iaz bertan behera utzi zituzten Tolosako inauteriak. Udalak "pilaketak saihesteko" eta herritarren "segurtasuna eta osasuna bermatzeko" hartu zuen erabakia. Horrela, 2021a inauteririk gabeko lehen urtea izan zen Tolosan, frankismoan ere mantendu eta ospatu baitziren.