Gizartea -
KORONABIRUSA
Kutsatze eta ospitaleratzeek beheranzko joerari eutsi diote Nafarroan, baina pertsona bat hil da
178 gaixo daude oraindik ospitalean (atzo baino zazpi gutxiago). Horietatik 23 ZIUn daude (asteartean bezala).
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
545 covid-19 kasu berri atzeman ditu Nafarroak, Foru Gobernuak jakitera eman duenez. Beheranzko joera berresten dute datuok, ospitaleetako egoerak ere hobera egin baitu. Hala eta guztiz ere, pertsona bat hil da birusak jota azken 24 orduetan.
Asteazken honetan zenbatutako positiboak gaur zortzi atzemandakoen erdiak dira, eta duela 14 egun izandako 1.642 kasuetatik urrun daude. Atzo 1.834 test egin zituzten; horietatik % 29,7k eman zuen emaitza positiboa.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, bederatzi pertsona erietxeratu dituzte, horietako bat ZIUn. Orotara, 178 lagun daude ospitalean (atzo baino zazpi gutxiago). Horietatik 23 ZIUn daude (asteartean bezala).
Azken orduetan izan den heriotza kontuan hartuta, 1.339 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan hil diren pertsonak.
Udalerri edo osasun eremutan banatuta, hauxe da egoera: Iruñeko II. Zabalgunea da auzorik zigortuena, 21 positiborekin. Mendillorri, Txantrea eta Sarriguren auzoek, bestalde, hemezortzina kasu dituzte. Gainera, San Juanen 17 kutsatze izan dira, eta Corellan 16.
Agertoki aldaketa horren aurrean, Maria Chiviteren Gobernuak otsailaren 14tik aurrera murrizketak kentzeko erabakia hartu zuen atzo.