Gizartea -
KORONABIRUSA
Chivite baikor agertu da covid kasuak astebetean %30 jaitsi direlako Nafarroan
Nafarroako presidentea zuhur agertu da, dena dela, ospitaleetako egoerak ez duelako hobera egingo "15 bat egunera arte". Atzo 7 pertsona hil ziren covid-19agatik eta 29 lagun ospitaleratu zituzten. Datorren astearen erdi aldera erabakiko dute zer egin une honetan indarrean diren murrizketekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, azken astean hobekuntza nabarmena izan du covid-19aren intzidentzia metatuak Foru Erkidegoan, baina ZIUetan "oraindik ere presioa" dagoela onartu du.
Hedabideen aurrean esan duenez,"kasu kopuruak jaisten jarraitzen du, joan den astean baino % 30 kasu gutxiago daramatzagu aste honetan", baina ospitaleetan, eta bereziki Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, egoera ez dela oraindik arindu aitortu du: "Kasuen intzidentzia jaitsi ondoren, 15 bat eguneko epean behera egin beharko luke ospitaleetako okupazioak, baina ikusiko dugu bilakaera nolakoa den", gaineratu du zuhurtziaz.
Presidenteak gogorarazi duenez, egungo murrizketak urtarrilaren 31ra arte egongo dira indarrean, eta "datorren astearen erdi aldera, murrizketekin zer egin aztertuko dugu". Horren harira, "murrizketak gogorren edo zuzenen jasaten ari direnak gaueko aisialdiarekin zerikusia duen sektorekoak" direla nabarmendu du.
Medikuen Sindikatuaren protestei buruz galdetuta, Nafarroako presidenteak onartu du osasun-langileak direla pandemiaren "zama handiena jasaten ari direnak" eta "ia bi urte daramatzatela atsedenik gabe". "Pandemia pixkanaka igarotzen joatea behar dugu gauzak normaltasunera itzuli ahal izateko eta ditugun proiektu guztiak martxan jartzeko, Lehen Mailako Arretako zerbitzuen prestazioa hobetzeko, adibidez" adierazi du.
Covid-19aren kasu berriek 2.000 egunetik behera jarraitzen dute
Atzo, ostirala, beste 1.864 positibo atzeman zituzten Nafarroan (bezperan 1.999), larunbat honetan Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Kasu guztietatik 547 Iruñean diagnostikatu ziren (71 Arrotxapea auzoan, 57 Txantrean, 53 Bigarren Zabalgunean eta 66 San Juanen), eta 100 Tuteran.
Sarrigurenen (71), Mutiloan (57), Burlatan eta Tafallan (43), Zizur Nagusian (42) eta Barañainen (40) ere kopuru handiak atzeman zituzten.
Atzo %43,1eko positibotasun-tasa izan zen, ostegunean % 45,2koa eta asteazkenean % 42koa.
Zazpi pertsona hil ziren covid-19agatik atzo Nafarroan eta 29 ospitaleratu zituzten, horietatik 6 ZIUn. 266 pertsona zeuden ostiralean covidagatik ospitaleratuta Nafarroan, horietako 37 ZIUn; bezperan baino 7 gutxiago planta eta 3 gehigo zaintza intentsiboetan.