Gizartea -

KORONABIRUSA

78 pertsona hil dira EAEn covid-19ak jota aurreko astean

Oinarrizko erreprodukzio tasak (R0 indizea) beherantz egin du beste behin, eta 0,83an dago. Erietxeetako egoera ez da hobetu; aitzitik, ZIUetan kaskartu egin da, 142 gaixo baitaude larri (ostegunean 136 ziren).

Basurtuko Ospitaleko ZIU bat. Argazkia: EFE
Basurtuko Ospitaleko ZIU bat.
Basurtuko Ospitaleko ZIU bat. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak jota, 78 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aurreko astean (urtarrilaren 10etik 16ra doana), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. 2022. urteko lehen astean baino 28 heriotza gehiago dira, eta iazko azken astean zenbatutakoen bikoitza pasatxo, 50 eta 35 izan baitziren, hurrenez hurren.

Astelehen honi dagokion buletin epidemiologikoaren arabera, 9 urtez azpiko neskato bat hil da azken astean, baina Osakidetzak ez du argitu koronabirusak eragin duen haren heriotza, edo aldez aurretik beste nolabaiteko gaixotasun larriren bat ote zuen.

Bestalde, oinarrizko erreprodukzio tasak, R0 indizeak (positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten du), beherantz egiten jarraitzen du, eta lau egunean ia 10 ehunen jaitsi da. Hala, epidemiologoek gomendatzen duten langatik (1) behera egoten jarraitzen du: 0,83an, hain justu (ostegunean 0,92an kokatu zen). Araban dute indize handiena (0,99); Gipuzkoan, EAEko batez besteko bera dute (0,83) eta Bizkaian, hortik beherago (0,78).

Transmisioan izandako beherakada hori ez da oraindik ospitaleetan igarri, eta erietxeetako presioak bere horretan jarraitzen du; aitzitik, ZIUetan dauden erien kopurua igo egin da ostegunetik, eta 142 pertsona daude larri (duela lau egun 136 ziren). Era berean, 780 pertsona daude ospitaleratuta (ostegunean 807 ziren).

Azken 14 egunetako intzidentzia metatuak puztuta jarraitzen du, baina jaitsi egin da, 100.000 biztanleko 6.235 kasuraino. Hori horrela, ostegunetik 700 puntu inguru egin du behera. Igande honetan 9.820 proba diagnostiko egin dituzte, eta horietako 3.806 izan dira positibo. Datua nabarmen jaitsi da asteazkenekoarekin alderatuta (9.000 kutsatze berri pasatxo, hori da eskuragai dagoen azkena). Osakidetzak asteartean aldatu zuen protokoloa, eta ordutik autodiagnostiko testetan positibo emandakoek ez dute jakinarazi behar, sintoma larriak ez badituzte behintzat. Hala, beherakada espero zen eguneroko positiboen kopuruan.

Dena dela, aipatu behar da eguneko kutsatzeen kopurua 8.000tik gora egon dela larunbatera arte (asteartean jo zuen goia, 12.000 positiborekin), eta aste guztian ia 60.000 izan dira.

Intzidentziari dagokionez, Gipuzkoak du tasa handiena (6.327 kasu 100.000 biztanleko), baina lurralde horretan egin du behera gehien (ia 1.000 kasu gutxiago). Bizkaiak, bestalde, 6.131 kasu metatu ditu. Araban gorabeheratsua izan da bilakaera, ostegunetik ia 400 puntu igo baita, azken bi egunetan jaitsi bada ere.

Adin tarteei erreparatuta, 40-49 urtekoak kolpatu ditu gogorren izurriak, eta intzidentzia metatua 8.600 kasutik gorakoa da 100.000 biztanleko. Ondoren, 30-39 urtekoak ageri dira (pilatutako tasa 8.000 puntutik gora dago). Ifrentzuan, tasa baxuenak 60-69 eta 70-79 urtekoen artean atzeman dituzte, 100.000 biztanleko 3.000 ingurukoak.

Pandemiak herriz herri duen egoera neurtzen duen koronabirusaren semaforoan ez da kolore aldaketarik izan, eta udalerri guztiak gorrian daude. Halere, hainbat udalerri handi (5.000 biztanle baino gehiago) 5.000 kasutik behera jaitsi dira; Gorliz, Ortuella eta Trapagaran (Bizkaia) edota Agurain (Araba), besteak beste.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea