Gizartea -
Koronabirusa
Frantziako Asanblada Nazionalak txertoa inposatu du bizitza sozialerako eta bidaiatzeko
Aurreko osasun ziurtagiria (txertoak edo proba negatiboa) ordezkatuko du lege berriak, eta aurrerantzean hiru dosi hartzea edo gaixotasuna gainditu eta bi ziztada hartzea eskatuko dute.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Asanblada Nazionalak txertaketa ziurtagiria onartu du gaur, eta horrek murrizketa handiak ezarriko dizkie covid-19aren aurka immunizatu nahi ez duten pertsonei. Txertoari uko egin dioten bost milioi pertsonak txertatzera bultzatzea da arauaren helburuetako bat.
Aldeko 215 boto, kontrako 58 eta 7 abstentzio jaso ditu arauak, eta horrela, legearen izapideak amaitu dituzte, Emmanuel Macron presidenteak txertatu ez direnak "izorratu" nahi zituela esateagatik giroa berotu ostean.
Aurreko osasun ziurtagiria (txertoak edo proba negatiboa) ordezkatuko du lege berriak, eta aurrerantzean hiru dosi hartzea edo gaixotasuna gainditu eta bi ziztada hartzea eskatuko dute.
Egunero 300.000 pertsona inguru kutsatzen ari da omikronekin Frantziako Estatuan, eta txertatu gabeak dira larri gaixotzen direnen gehiengo zabala. Horregatik, legea lehenbailehen jarri nahi du indarrean Gobernuak, olatua euste aldera.
Neurriak
Kultur ekitaldietara joateko (zinemak, antzokiak, museoak…) derrigorrezkoa izango da hiru dosiko ibilbide osoa betea izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu eta bi dosi jasotzea, edo txertorik ez jasotzeko mediku salbuespena edukitzea.
Baldintza berbera bete beharko da merkataritza gune handietan, kafetegietan, tabernetan, jatetxeetan edo kirol aretoetan sartzeko, eta baita ibilbide ertain eta luzeko garraio publikorako ere.
Txertaketa ziurtagiri faltsuekin harrapatzen dituztenentzako zigorrak handitu egingo dituzte, eta gehienez 5 urteko espetxe-zigorra eta 75.000 euroko isuna jasoko dute gezurrezko agiri ugari dituztenek.
Hala eta guztiz ere, "amnistia" moduko bat aurreikusten da pertsona horientzat 30 eguneko epean txertoa hartzen badute.
16 urtetik gorakoei bakarrik ezarriko zaie lege berria. 12 eta 15 urte artekoek nahikoa izango dute lehengo ziurtagiriaren baldintzekin.
5 eta 11 urte arteko adingabeei dagokienez, gurasoen artean desadostasunen bat balego txertaketaren inguruan, baten nahia nahikoa izango da haurra immunizatzeko.
Orain arte, osasun ziurtagiriak aurreikusten zuen, txertaketaz gain, nahikoa zela test negatibo bat erakustea, baina aukera hori bertan behera geratu da.