Gizartea -

Energia

Greenpeacek uste du "benetako mehatxua" dela Bruselaren inbertsio berdeen egitasmoa

Austriak eta Alemaniak jada errefusatu dute proposamena, eta zirriborroak aurrera eginez gero salaketa aurkezteko aukera aipatu dute.

Zentral nuklearra. Argazkia: Efe
Zentral nuklearra. Argazkia: Efe
Zentral nuklearra. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greenpeacek esan du "benetako mehatxua" dela "Europako trantsizio energetikoarentzat" Europako Batzordeak egindako azken proposamena, energia nuklearra eta gas naturala energia jasangarriak balira bezala bultzatzea, alegia.

"Datozen hamarkadetan energia toxiko eta garesti horiek sustatzea benetako mehatxua da Europako trantsizio energetikoarentzat", adierazi du Magda Stoczkiewicz Greenpeaceren Europako ordezkariak agiri batean.

Europako Batzordeak aurreko ostiralean aurkeztu zien Europar Batasuneko herrialdeei eta Finantza Iraunkorren Plataformako adituei "taxonomia" deritzonari buruzko proposamenaren zirriborroa, 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea helburu duen trantsizioa bultzatu nahi duena.

Bruselak proposatu du inbertsio iraunkortzat hartzea 2045a baino lehen eraikitzeko baimena duten zentral nuklearrak egitekoak, hondakin erradioaktiboak kudeatzeko eta lantegiak desegiteko egitasmoak izanez gero.

Era berean, 2030era arteko baimena duten gas ustiategietan inbertsioak egiteak ere etiketa berdea izango luke, kWh-ko CO2 isuriak 270 gramotik beherakoak badira.

Stoczkiewiczek esan du neurria "zuritze berderako baimen bat" dela, "enpresa kutsakorrak gustura" egongo direlako "EBren onarpen zigiluarekin, dirua erakartzeko eta planeta suntsitzen jarraitzeko, erregai fosilak eta hondakin erradioaktiboak erretzen".

WWF gobernuz kanpoko erakundeak ere kaleratu zuen ohar bat proposamenak eragiten dion "kezka" adierazteko, neurria "konplexua eta eztabaidagarria" delako.

Europako Batzordeak hilaren 12ra arteko epea jarri die EBko estatuei eta Finantza Iraunkorren Plataformako adituei iritzia emateko.

Europako Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren oniritzia jaso beharko du testuak aurrera egin ahal izateko.

Orain arte, taxonomiak Europako estatuen zatiketa utzi du agerian, eta Frantzia da energia nuklearra iraunkor gisa hartzea nahi duenetako bat, baina Alemania aurka dago, nahiz eta gas naturalari zigilu berdea jartzea onartzen duen.

Espainia, Austria eta Alemania, kontra

Espainiako Gobernuak berretsi du Europako Batzordearen proposamenaren aurka dagoela, "atzerapausoa" eta "mezu okerra" izango litzatekeelako finantza merkatuentzat.

Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak azpimarratu du ez dutela uste "energia berde edo iraunkorrak" direnik.

Horren arabera, Espainiako Gobernua "taxonomia berdearen defendatzaile sutsua da, 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko eta ekonomia desikazteko inbertitzaileentzat erreferentzia komunak edukitzeko tresna gisa", baina energia nuklearra eta gas naturala horien parte direla esatea "atzerapausoa" izango litzateke.

Ministroak ohartarazi du ez duela "zentzurik" eta "mezu okerrak" igortzen dituela EBren energia trantsiziorako.

Espainiako Gobernuak aitortu du energia nuklearrak eta gas naturalak badutela zereginik trantsizio horretan, baina "denbora mugarekin". Horregatik, aparte landu behar omen dira, eta ez berde gisa.

Austriako Gobernua eta Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako arduradunak, hau da, Alemaniako Gobernuko koalizioko kideak, ere agertu dira jada proposamenaren aurka, eta zirriborroak aurrera eginez gero salaketa jartzeko aukera aipatu dute.

"Plan horiek dauden bezala abiatzen badituzte, salatu egingo ditugu", ohartarazi du Leonore Gewessler Austriako Ekintza Klimatikoko ministroak sare sozialetan.

Matthias Miersch sozialdemokrata alemaniarrak, berriz, esan du Alemaniak "aukera guztiak agortu" beharko lituzkeela "teknologia horiek sustatzea galarazteko"; izan ere, "energia nuklearra ez da iraunkorra eta ez du zentzurik ikuspuntu ekonomikotik", hondakinak biltegiratzea oso garestia delako eta lantegi berriak finantzatzeko aukerarik ez dagoelako, "tartean laguntza handiak" ez badaude.

Europako Batzordearen zirriborro batek energia nuklearra berde gisa hartzea aurreikusten du
Europako Batzordearen zirriborro batek energia nuklearra berde gisa hartzea aurreikusten du
Europako Batzordearen zirriborro batek energia nuklearra berde gisa hartzea aurreikusten du

2:48
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europar Batasuna Europa Alemania Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Austria Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak Energia iturriak gaur