Gizartea -
KORONABIRUSA
Musukoa derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorako haurrentzat astelehenetik aurrera Iparraldean
Barrualdeei bakarrik eragiten die neurriak, eta jarduera artistikoak eta fisikoak egiten dituzten lekuetan ere ez dute derrigor erabili beharko.
agentziak | eitb media
Ipar Euskal Herriko 6 urtetik gorako haurrek musukoa eraman beharko dute leku publikoetan, garraioan eta merkatuetan datorren astelehenetik aurrera. Beraz, 11 urtetik 6ra jaitsi dute muga, Aldizkari Ofizialean gaur jakinarazi dutenez.
Dena den, maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izango jarduera artistikoak eta fisikoak egiten dituzten lekuetan.
Ipar Euskal Herrian 12 eta 17 urte arteko haurrek koronabirusaren aurkako txertoa jartzeko aukera dute, eta 5 eta 11 urtekoentzat emango dute aukera hori urte berria hastearekin batera; baina adingabeen artean oso baxua da txertatze maila.
Aste honetan Frantziako Gobernuak iragarritako murrizketei batuko zaie neurri hori, izan ere, beste batzuk jakinarazi bazituzten ere, Aldizkari Ofiziala argitaratu arte ez zen jakina musukoaren derrigortasuna zabaldu egingo zutela.
Eskolako oporrak amaitzeko bi egun falta direnean iritsi da musukoaren erabileraren berria, eta horrekin batera, Hezkuntza Ministerioak ahal dela jarduera fisiko guztiak aire librean egiteko gomendatu du.
Era berean, eskola bidaiak atzeratzeko deia ere egin du Ministerioak, eta jai ekitaldiak bertan behera geratzea, Erregetako opilaren banaketarena adibidez.
Ostiralean sekula baino kutsatze gehiago izan ziren Frantziako Estatuan, 232.000 hain zuzen ere, eta azken zazpi egunetako intzidentzia 1.200era iritsi da 100.000 biztanleko. Pariseko eskualdean, baina, intzidentzia 2.200dik gorakoa da.
Osasun Publikoko datuen arabera, 9 urtekoen artean intzidentzia 483koa zen abenduaren 20an (dauden azken datuak), eta 828koa 10 urtetik 19ra. Intzidentzia altuena 20-29 adin tartean dago, 100.000 pertsonako 1.622 positiborekin.