Gizartea -
KORONABIRUSA
Neurrien segurtasun juridikoa indartzeko akordio "irmoa" eskatu du Urkulluk
Ostalaritza ixteko ordutegia 01:00etara murriztea eta edukiera % 60ra mugatzea proposatu du lehendakariak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak lurralde arteko akordio "irmoa" eskatu du Presidenteen Biltzarrean, erkidegoek koronabirusaren seigarren olatuari aurre egiteko dituzten tresna "eskasen" aurrean hartu beharreko neurrien "segurtasun juridikoa indartzen" lagunduko duena.
Ospitaleko presioa aurreko olatuetan baino txikiagoa dela esan ostean, "gero eta handiagoa" dela eta egoerak Lehen Mailako Arretari eragiten diola azpimarratu du. Hori dela eta, "estrategia komun bat garatzea" izango litzateke onena, "ez estrategia politikoak, irizpideak eta neurriak baizik", adierazi du.
"Autonomia-erkidegook ez dugu tresna nahikorik. Eskura dauden tresnak eta estaldura juridikoa ez dira nahikoak. Bilera honen esparruko akordio irmo batek lagundu beharko luke har ditzakegun neurrien segurtasun juridikoa indartzen. Gizarteari konfiantza handiagoko mezua helaraztea ahalbidetuko liguke", gaineratu du.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren "borondatea eta aurretiazko jarrera" eskaini du, "seigarren olatu honi erantzun bat harmonizatzeko aukera emango duen akordio irmo bat" sinatzeko, "datozen egunetan edo, are gehiago, datozen orduetan operatiboa izango den lurraldeen arteko akordio bat".
Proposamen sorta
Urkulluk proposamen sorta bat aurkeztu du, "adostasunera irekiak", besteak beste, kanpoaldean maskara nahitaez erabiltzea, jarduera komertzial, sozial eta kultural orotan ixteko gehieneko ordutegia 01:00etan izatea, barruko establezimendu eta esparruetan edukiera % 60ra mugatzea edo kanpoko ekitaldi handietan % 50era mugatzea.
Horrez gain, zutik kontsumitzea galaraztea eta mahaietan gehienez 10 lagun egotea proposatu du ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan, baita gaueko aisialdian ere, eta taldeak gehienez 10 pertsonara mugatzea barnealdeetako kirol-jardueretan.
Eguberrietako egun seinalatuei eta jaiegunei dagokienez, kultura- edo gizarte-jardueraren ordutegia eta merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduen ordutegia 21:00etan amaitzea proposatu du, jatetxeak izan ezik, horiek afariak zerbitzatuko baitituzte 23:30ak arte, baita zerbitzuguneen edo farmazien kasuan ere.
Horrez gain, Eguberrietako bazkariak eta afariak gehienez ere 10 pertsonakoak eta bi familia-unitatekoak egitea gomendatu du, eta horien osaera ez aldatzea ospakizunetan.