Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik kutsatzeen marka hautsi du egun batean, 2.711 positibo berri atzeman baititu
Intzidentzia metatua 66 puntu igo da egun batean, 1.245 kasuraino. Gela arruntetan ospitaleratutako pertsonak 324tik 290era jaitsi dira, eta paziente kritikoak 101 dira, aurreko egunean 105 izan ziren bitartean.
N. B. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) kutsatzeen marka hautsi du egun batean, 2.711 positibo berri izan baititu. Gainera, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 1.245,53 kasura igo da, aurreko egunean 1179,15 kasu zenbatu baitziren 100.000 biztanleko.
Ospitaleetako presioa mantendu egin da: 290 pertsona daude gele arruntetan eta 101 zainketa intentsiboetako unitateetan (aurreko egunean 324 eta 105 izan ziren), Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan astearte honetan aurreratu duenez.
Euskadiko covid-19aren pandemiaren bilakaerari buruzko azken datuak eman ditu sailburuak, eta ohartarazi du bilakaera "txarra" dela, 2.711 kutsatu izan baitira atzo, "errekorra egun batean", eta intzidentzia metatua 14 egunetan handitu da.
Ildo horretan, txertaketaren beharra azpimarratu du. Sailburuaren esanetan, Euskadin 12 urtetik gorako xede-biztanleriaren % 92k koronabirusaren aurkako txertoaren dosi bat du gutxienez, % 91k jarraibide osoa du, 60 urtetik gorakoen ia % 80k indartze-dosia du eta 12 urtetik beherakoen % 8k gutxienez txerto bat dauka jarrita.
Bestalde, omikron aldaeraren kasuen kopurua 569ra igo da, hau da, Euskadin identifikatutako kasuen % 29 inguru. Zentzu horretan, Sagarduik adierazi du aldaera horren kasuak areagotzen jarraitzen dutela, astelehen honetan 220 kasu ezagutzera eman baitziren eta ondoren 569 kasu sekuentziatu eta identifikatu baitira.
"Horrek esan nahi du gure artean hedatzen jarraitzen duela, eta ikusten ari garela gure lurralde osoan eragin handia duela, beste lurralde batzuetan egin duen bezala", gaineratu du.
Sagarduik, beste behin ere, kalean maskara nahitaez erabili beharra defendatu du, "horren eraginkortasunaren ebidentziaren aurrean".